The First Voyage Round the World: Juan Sebastián Elkano

Enrike Solinis eta Euskal Barrokensemble-k The First Voyage Round the World: Juan Sebastian Elkano izeneko proiektua dute  esku artean, eta une honetan proiektuaren CD-a prestatzen ari dira; munduan eta denboran zehar egiten den musika-bidaia horretan Getariako itsasgizona da kapitaina.

1519 eta 1522 urteen artean Elkanok munduari lehen itzulia eman ziola 500 urte betetzen dira. Urteurren hori aitzakia hartuta, musika proiektuak gogorarazten digu Juan Sebastian Elkanoren zirkumnabigazioak agerian utzi zuen mundu mailako lotura hori gizakion izaera pluralaren esentzia dela.

The First Voyage Round the World: Juan Sebastian Elkano euskal ondare artistikoa ikertu eta berreskuratzeko lan zabala, berritzailea eta integratzailea da. Munduaren inguruko lehen itzuliarekin lotura duten herrialdeetako artisten parte-hartzea izango dute proiektuan Enrike Solinis eta Euskal Barrokensemble-k.

Elkano bera eta bizi izan zen garaia oinarri hartuta, Enrike Solinis eta bere musikariek hainbat kontinentetako musikarekin eta ahozko tradizioko testuekin osatutako errepertorioa diseinatu dute. Hizkuntzen artean unibertsalik bada, hori musika da, betidanik elkartu baititu eta elkartzen ditu urrutiko herrialdeak. Hari horri jarraiki, Elkanok leiho bat zabaltzen digu iraganera, oraina gozatu eta ulertzeko.