Mundubira musika bidelagun proiektua Euskadiko Orkestra Sinfonikoak munduari egindako lehen biraren 500. urteurrenaren oroitzaren inguruan utzi nahi duen ekarpena da.
Proiektu honen baitan, bost obra enkargatu zaizkie beste hainbeste euskal konpositoreri, musika jar diezaieten espedizioaren zati ezberdinei eta, guztiak batera bidaiaren osotasuna islatuko dute.
Horrela, bada, 2019/2020, 2020/2021 eta 2021/2022 denboraldietan barrena estreinatuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bost enkarguak. Horietako bakoitza programa bereizi banatan aurkeztu eta grabatuko da, eta proiektuaren amaieran CD bakarrean argitaratuko dira guztiak. Ibilbide hau guztia eta emaitza izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Elkano eta bere bidaia ezagutzera emateko egingo duen ekarpen nabarmena.
Robert Treviñoren zigilua daraman proiektua da eta euskal kultura eta musika babesteko bere ahalegin berezia erakusten du hilabetetako lanaren emaitza den proiektu honek. Treviño, euskal musika garaikidearen sorkuntzan sakontzen jarraitzeaz gain, modu berezian murgildu da Eresbilen (Euskal Musikaren Artxibategia) eta bere ikuspegi artistikoa partekatu du Elkano eta bere mundubira musikala egituratzeko ahalbidean.
Proiektuari buruzko informazio gehiago.