'La primera vuelta al mundo' Google Arts & Culturekin elkarlanean

‘La primera vuelta al mundo’ atari digital bat da, eta Magallanesen eta Elkanoren bidaia eta bidaia horrek munduaren ikuskeran izan zuen eragina azaltzen du. Elkano Fundazioak Euskadiko hainbat erakunde eta adituren laguntzarekin egindako hamalau erakusketa birtual jarri ditu haren esku. Lehen mundializazioaren hasiera izandako bidaian euskal gizarteak izan zuen eragina nazioartean zabaltzen lagunduko du.

Juan Sebastian Elkanoren arrastoei jarraitzea, gizonek nabigatzen zuten bitartean garai hartako euskal emakumeek zer paper jokatzen zuten ezagutzea, espedizioan parte hartu zuten hiru euskal ontzien xehetasunak ezagutzea edo Patagonia Australeko jatorrizko kulturen kosmobisiora hurbiltzea dira Google Arts & Culture-ren 'La primera vuelta al mundo'  atari digitalerako Elkano Fundazioak, hainbat erakunderekin eta adituekin elkarlanean, koordinatu dituen hamalau erakusketa birtualek biltzen dituzten proposamenetako batzuk.

Edukiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez daude, eta, beraz, Googleren kultura-alorraren ekimen horren bidez, nazioartean emango da ezagutzera Euskadin Juan Sebastian Elkanoren inguruan sortutako ezagutza eta garai hartako itsas potentzia handienetako batek, hots, euskal gizarteak, bidaia horretan egindako ekarpena. Hain zuzen ere, dibulgazioa helburu izateak eragin du Elkano Fundazioak ekimen horretan parte hartzea.

Izan ere, bidaiaren beraren xehetasunez gain, Elkano Fundazioak ikuspegi zabalago bat proposatzen du, euskal gizartearen itsas historia berraurkitzeko eta beste erreferentzia batzuk ezartzeko, aukera emango dutenak egungo gizarteak etorkizunari begira dituen erronkak aztertzea, baloratzea eta eztabaidatzea. Oso formatu bisual eta didaktikoa da, eta saguarekin atzera-aurrera eginez erabiltzaile orok jakin ahal izango ditu gaurtik aurrera, munduan dagoen lekuan dagoela, Euskal Herriko itsasoarekin lotutako historia eta gertaerak, bai eta espedizioari egindako ekarpena ere. Jakin ahal izango dute, halaber, Erdi Aroan ozeanoari buruz zer ikuskera zuten, garai hartan astronomiaz, medikuntzaz eta itsasontzi teknologikoaz zer ezagutza zituzten, eta XVI. mendeko euskal emakumeek zenbateko garrantzia izan zuten, historiak orain artean kontuan hartu gabeak. Moluketara egindako bidaian Elkano nola hil zen ere ikus daiteke atarian, eta Getariako itsasgizonaren hainbat margolan eta eskultura ere bai. Patagoniako hegoaldean bizi ziren herrien kulturak eta mundu-ikuskerak ere Elkano Fundazioak diseinatutako edukien parte dira.

Erakusketetako irudietan hainbat euskal artistaren artelanak ikus daitezke, hala nola Elías Salaverría, Ignacio Zuloaga, Julián Ugarte eta José Ramón Amondarain artistarenak, bai eta Indietako Agiritegi Nagusiko dokumentazioa eta testuak, Bilboko Itsasmuseumak eta Euskal Itsas Museoak Elkanori buruz egindako artikuluak eta infografiak, eta Europako marinelek hego hemisferiora igarotzean lehenbizikoz ikusi zituzten konstelazioen irudiak ere, besteak beste.

Fundazioaren hamalau erakusketak Estatuko kultura-alorreko hamabi erakundek egindako edukien plataforma baten parte dira, zeinak lankidetzan aritu diren Kultura eta Kirol Ministerioarekin, Lehen mundubiraren 500. urteurrena ospatzeko Batzorde Nazionalarekin eta Google Arts & Culturekin, ingurune digitalean eskuragarri jartzeko lehen zirkumnabigazioaren xehetasunak eta haren testuingurua. Hauek dira parte hartu duten gainerako erakundeak: Espainiako Kultura Ekintza, Estatuko Artxiboak, Sevillako Udala, Sanlúcar de Barramedako Udala, Itsas Museoa Fundazioa, Nao Victoria Fundazioa, Amerikako Museoa, Antropologia Museo Nazionala, Natur Zientzien Museo Nazionala, Bartzelonako Itsas Museoa eta Gastronomiako Errege Akademia. Guztira, 'La primera vuelta al mundo' erakusketak milatik gora irudi eta 73 erreportai digital jasotzen ditu.