Itsas ibilaldiaren sustatzaile Elkano 500 Fundazioak munduaren inguruko lehen birak gizaterian eragin zituen aldaketen inguruan oinarritzen du bere jarduera, eta horien artean, pentsamenduaren arloa. Lau etapatan banatutako itsas-ibilaldi hau 2019ko irailaren 15a eta urriaren 11a bitartean egingo da, eta 1519-1522 urteen artean burutu zen espedizioaren abentura eta ziurgabetasunari egiten zaion keinua da. Eta, batez ere, hausnarketa bultzatzeko giro paregabea eskaini nahi du: isiltasuna, kanpoko estimuluen gutxitzea, denbora eta espazio desberdin bat, eta pertsonen zaurgarritasuna itsasoaren handitasunaren aurrean; horrek guztiak egoera egokia sortuko du diziplina desberdinetako pertsonekin osatutako lau taldek egungo gizartearen zenbait erronkei buruzko hausnarketa-prozesua egin dezaten. Etapa bakoitzeko tripulazioa osatuko duten pertsonen aniztasunak aberastu egingo du azken emaitza: Elkano 500 Fundazioak dokumentala eta argitalpen bat ekoitziko ditu, itsas ibilaldian ikasitakoa zabaldu eta gizartearekin partekatzeko helburuarekin.
Ibilaldia Pottoka belaontzian egingo da, Unai Basurkoren gidaritzapean. Belaontziak 1.000 itsas milia egingo ditu Getaria eta Sevilla artean, ia hilabete iraungo duen itsas ibilaldian.
Getaria - A Coruña
Lehenengo etapa Getaria eta A Coruña artean egingo da irailaren 15etik 21era, eta Cueton (Santander) geldialdia egingo dute. Juan de Santander itsasmutilaren jaioterria da Cueto, eta orain 500 urteko espedizioan ontziratu ziren hiru kantabriarretatik Elkanorekin itzuli zen bakarra izan zen. Itsas ibilaldiaren hasieran, tripulaziokideak izango dira June Ansoleaga, EITBko meteorologoa; Charo Tribis-Arrospe, irakasle erretiratua; Jose Mari Larramendi, antropologo eta Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko kidea; eta Ana de Lara, itsas biologoa.
A Coruña Cascais
Bigarren etapa Coruña eta Portugalgo Cascais herrien artean egingo da, irailaren 22tik 28ra, eta Baionan egingo dute geldialdia. 1522an Victoria ontzian Sevillara bizirik itzuli ziren 18 lagunetatik bi Galiziako herri horretakoak ziren, Diego Carmena marinela eta Vasco Gomez Gallego ontzimutila hain zuzen. Oraingo honetan, tripulaziokideak izango dira Daniela Garreton, artista eta Panthalassa taldeko kidea; Joseba Argiñano sukaldaria; Emma Lira, National Geographic-eko kazetaria; eta Adrián Lamas, Afrikako proiektuen kudeatzailea Mundukide elkartean.
Cascais-Portimao
Hirugarren etapa Cascais eta Portimao artekoa izango da, irailaren 29tik urriaren 4ra arte. Etapa horretan Gonzalo Terceñok ordezkatuko du Unai Basurko kapitaina. Oraingo honetan hauek osatuko dute tripulazioa: Mari Paz Montesinos, Vértices plataformakoa; Virginia Garcia, Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomoa; Ekai Txapartegi, EHUko filosofia irakaslea; eta Alejandro F. Aldasoro, idazlea eta bi aldiz finalista Euskadi Literatura Sarietan.
Portimao-Sevilla
Azkenik, eta berriro Basurko kapitain dutela, urriaren 5ean Pakea Portimaotik irtengo da eta itsas ibilaldiaren azken miliak egingo ditu Sevillara iristeko urriak 11an, Sanlúcar de Barramedan geldialdia egin ondoren. Ibilaldiaren azken etapa horretan parte hartuko dute Peyo Lizarazu surflariak; Iban Ayesta filosofoak; Manuel Parodi historialariak; eta Felipe Apalategui kultura kudeatzaileak.
Unai Basurko, kapitaina
Unai Basurko haurra zela hasi zen nabigatzen Getaria eta Zarautzen, eta gaur egun ere portugaletetarrak lotura estua du bi udalerriekin. Itsas ibilaldi honetako kapitainak beti izan du Elkanorekiko jakin-mina eta miresmena, hainbesteraino non munduari bira eman baitzion bakarka zein leihaketan 2007an. Basurko izan zen, baita ere, 2013an Antartiar Penintsulara egin zen espedizioaren kapitaina, eta Magallanes itsasartea zeharkatu zuten orduan. Azken urteetan, ontzian prestakuntza ematen du, belaontziko nabigazioak enpresa munduarekin eta gizartearekin dituen antzekotasunak baliatuz.