Sortu zenetik, lehen mundubirari buruzko ezagutza berria sortzeko hainbat proiektu bultzatu ditu Elkano Fundazioak; bereziki, garai hartako Euskal Herria itsastarraren testuinguru ekonomiko eta sozialari buruzkoa. Aldi berean, inguruko eragileekin elkarlanean, hainbat publikori zuzendutako dibulgazio-ekimenetan lan egiten du, ezagutza akademiko hori gizarteratzeko asmoz.
Hortxe kokatzen da Elkano Fundazioal eta Elhuyar Fundazioak adostu duten lankidetza-hitzarmena; duela 500 urteko euskal itsas teknologia eta mundubirari esker egindako ekarpen zientifiko eta teknologikoak artikulu zein irrati eta telebistako programen bidez ezagutarazteko asmoa du.
Akordio horren esparruan, honako ekintza hauek barneratu dira:
- Elhuyar aldizkariaren (papera eta digitala) ekaineko alea 'Mundua handitu zuen bidaia' n murgilduko da Daniel Zulaika, Nagore Davila, Xabier Alberdi, Virginia Garcia eta Alvaro Aragon bezalako espezialisten eskutik. Erreportajea esteka honetan dago eskuragarri.
- Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrila saioak bi saio monografiko berezitan jorratu du gaia: Elkano, mundubiraren zientzia, Alvaro Aragon eta Lourdes Odriozola historialarien, Xabier Agote Albaolako zuzendariaren eta Naiara Barrado astronomoaren parte-hartzearekin; eta Xabier Alberdi eta Elkano monografikoa, non Euskal Itsas Museoko zuzendariak azaldu duen nolakoa zen garaiko itsas teknologia eta nola eta zergatik sortu ziren Elkano eta bidaiaren inguruko mito desberdinak.
- Radio Euskadiko La mecánica del caracol saioak Elhuyar aldizkarian Elkanori eskainitako saio bereziaren eta bidaiaren ekarpen zientifiko-teknologikoen berri eman zuen.
- Datorren ekainaren 26an, zientzia eta teknologiari buruzko Teknopolis saioak gai honen inguruko erreportajea eskainiko du (ETB- 1 eta ETB-2n).