Zulaika historian graduduna eta Elkano 500 Fundazioko aholkularia da. Kontakizuna lan originala da, lehenengo aldiz aztertzen du modu zehatz eta dokumentatuan euskaldunek munduaren inguruko lehen itzulian izan zuten zeregina. Euskaldunak hainbat dokumentutan ageri dira, baina Daniel Zulaikak egin duen lan bateratzailea beharrezkoa zen hainbat elementuren arteko lotura egiteko: ontzigintza bost mendetan zehar, Euskal Herria, Sevilla, Kontratazio Etxea, Magallanes-Elkano armadaren eraikuntza, munduaren inguruko nabigazioa, ontziratu ziren eskifaia-kide gipuzkoar eta bizkaitarren deskribapena, horien artean Juan Sebastian Elkano, eta beren patua.
Zulaikaren lanak ikertzaile askoren ekarpenak jaso ditu, eta, etorkizunean, beste hainbat alderdi sakon aztertuko dituzten lanen abiapuntua izan nahi du, besteak beste euskal eskifaia-kideen bizitza munduaren inguruko lehen itzulia baino lehen eta ondoren.
Espedizioko hogeita hamaika espedizionario euskal herritarrak ziren, hogeita bi bizkaitar eta bederatzi gipuzkoar, eta beraz, gure erkidego edo herrialdekoak ziren eskifaia-kide gehienak, Andaluziaren atzetik. Eta gainera, itsasoratu ziren bost naoetatik hiru, Victoria, San Antonio eta Trinidad hain justu, Ondarroa, Erandio eta Lekeitiokoak ziren hurrenez hurren. Espedizionario euskaldunen artean batzuk marinelak ziren -bi maisu, kontramaisu bat, zazpi marinel, bederatzi itsasmutil eta bi morroi-, eta bazeuden, baita ere, hiru arotz, hiru bikeztatzaile, bi arma-gizon, bizargin bat (sanitarioa) eta despentsari bat. Horietatik guztietatik seik munduari bira eman zioten: Juan Sebastian Elkano eta Pedro de Tolosa, gipuzkoarrak; Juan de Acurio, Juan de Zubileta, Juan de Arratia eta Pedro de Chindarza, bizkaitarrak.
Doan deskargatzeko sakatu hemen.
Paperean nahiago baduzu, hemen lortu dezakezu.