Xabi Solanok ‘Bi mundu’ kantaren bideoklipa estreinatu du gaur. Jada ikusgai dago Youtuben eta sare sozialetan. Bideoklipa joan den ekainean grabatu zen, Elkano Itsas Herria egitasmoak Lekeition egindako geldialdian. Honen baitan uda honetan euskal kostaldea zeharkatzen ari den Juanita Larando patatxa da bideokliparen protagonista, baita patatxean dantza egiten duten talde hauetako dantzariak ere: Kimua Dantza Kolektiboa, Oinkari Dantza Taldea, Aukeran Dantza Konpainia, Bizkargi Dantza Taldea, Kresala Dantza Taldea eta Euskal Herriko 2022 sueltoko txapeldunak. Bideoklipak, abestiak bezala, Etxepare Euskal Institutoaren laguntza jaso du.
Duela 500 urte, Lekeition eraiki zen Trinidad ontzia (jatorrian Santa Catalina de Siena deitua), lehen mundubira emango zuen espedizioko ontzi-buruzagia. Victoriarekin batera, bidaiaren jatorrizko helburua lortu zuen bakarra izan zen, hau da espezien jatorriko Moluka uharteetara heltzea lortu zuen.
‘Bi mundu’ abestia Solanok konposatu eta abestu du, Elkano Fundazioak proposamena luzatu ostean. Letra Jon Garmendia Txuriya-rena da, Solanoren ohiko kolaboratzailea. Elkanok munduari emandako lehenengo biran inspiratutako kantua da; euskaratik eta euskal herritarren ikuspegitik, aniztasunean, kultura trukaketan eta bidaia hura posible egin zuten pertsona guztien elkarketan jarri du arreta.
‘Bi mundu’ sortzeko, Solanok Cabo Verdera egin zuen bidaia –Elkanok eta gainerako eskifaiak penintsulara itzuli aurretik egin zuten azkeneko geldialdia. Bertako musikari hauek parte hartu dute abestian: Solange, eta Tareza Fernandes (ahotsa), Africano Cavaquinho (ferro, ferrinho), Pascoal Fernandez (cimboa), Batuco (ahotsak) Khaly Muzik (teklak eta perkusioa).
Euskal Herriko musikari ugarik parte hartu du, baita ere: Aritz Beristain (bateria), Aitor Zabaleta (baxua), Txus Aranburu (teklak), Zigor Lampre ( sampler), Iñigo Egia (perkusioa), Arkaitz Miner (sokak), Ander Sanjose (panderoa), Moonshine Wagoneko Lander eta Goiatz ( koroak).
‘Bi mundu’ honako estudioetan grabatu da. ELKAR (EuskalHerria), KHALY MUZIK (Cabo Verde) eta AFTERHOURS (Los Angeles).