Xabi Solanok ‘Bi mundu’ aurkeztu du, Elkanoren mundubirak sortutako kulturen arteko elkarketek inspiratutako abestia

17 EKA, 2022
Abestia kultur aniztasunaren aldekoa da, euskaratik eta Euskal Herritik, eta artistaren, Elkano Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren elkarlanaren emaitza izan da. ‘Bi mundu’ gaurtik aurrera entzungai egongo da Spotifyn eta Youtuben, eta Solanok lehenbizikoz joko du zuzenean Aian, datorren igandean.

Datorren irailaren 6an, 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkano Victoria ontzian itzuli zenetik; hiru urte lehenago Sevillatik abiatu zen espezien irletarantz, portugesen uretatik igarotzen ez zen merkataritza-bide baten bila. Abiatu ziren 238 marineletatik soilik 18 iritsi ziren bizirik (horien artean, 4 euskaldun), eta, bost itsasontzitatik, bakarra. Victoria itsasontzia abiatu zen portura itzuli zen, eta espero ez zuten zerbait lortu zuen: munduaren inguruan buelta osoa ematea lehenbiziko aldiz. Sotoetan 27.000 kilo iltze (espedizioa osorik ordaintzeko eta irabaziak izateko adina) eta beste hainbat ukiezin zituztela itzuli ziren; momentuan seguraski ez ziren horien garrantziaz konturatuko, baina 500 urteren ostean, badakigu aintzatesten.  

Azken hiru urteetan zehar, Elkano Fundazioak hainbat gauza lortu ditu: ikerketa akademikoak sustatu ditu ukiezin horiek ezagutarazteko, udako ikastaroak eta hitzaldiak antolatu ditu jakintza berria zabaltzeko, saiakerak eta nobelak argitaratu ditu, dokumentalak eta arte eszenikoetako ikuskizunak produzitu ditu, jaialdi kulturalak eta ibilbideak antolatu ditu (bizikletan eta itsasontzian); hori guztia bidaiari eta garaiari buruzko ezagutza sortu eta zabaltzeko. Izan ere, Euskal Herriak presentzia berezia izan zuen mundubiran, eta ez soilik Getariako kapitainarengatik.

Abesti bat falta zen eta orain jada badago Xabi Solano Maiza (Hernani, 1978) abeslariaren parte hartzeari esker. ‘Bi mundu’ Elkanok munduari emandako lehenengo biran inspiratutako kantua da eta aniztasunean, kultura trukaketan eta bidaia hura posible egin zuten pertsona guztien elkarketan jarri nahi du arreta, hori guztia euskaratik eta euskal herritarren ikuspegitik. 

 

Jon Garmendiak Txuriyak, Solanoren ohiko kolaboratzaileak, konposatutako abestiaren letraren arabera, ‘Itsaso zaharrean berria da ura’ esaldiak aipamena egiten dio Elkanoren eta espedizio horren bidez bidaian zehar ezagutu zituzten herrietara iritsi ziren berrikuntza guztiei (horien artean, euskara), baina, batez ere, bidaia horretatik beraiekin batera bueltan ekarri zuten guztiari (‘Berriz itzultzean hasierako portura’).

Elkanoren lehenengo biran inspiratutako abesti honen helburua hasieratik izan da euskal kultura birkokatzeko balioko duten beste ahots eta kontakizun batzuk bilatzea, bai eta beste instrumentu eta kultura batzuk ere. Horrela, ‘Bi mundu’ konposatzeko, Solanok Cabo Verdera egin du bidaia (Elkanok eta gainerako eskifaiak penintsulara itzuli aurretik egin zuten azkeneko geldialdia), eta bertako artistekin egoteko aukera izan du, hala nola Tressarekin, Solangerekin edo cimboako azkeneko interprete Pascoal Fernándezekin (cimboa dortoka baten oskolaz egindako harizko instrumentua da). Ferrinhoak eta cavaquinhoak, Cabo Verdeko musikako instrumentu tradizionalek, bat egiten dute Solanoren trikitixa eta panderoarekin. Kantu horretan beste parte hartzaile asko egon dira: Arkaitz Miner, Txus Aranburu, Ander San José, Iñigo Egia, Aitor Zabaleta eta Moonshine Wago taldea, besteak beste. Amaierako nahasketa Rafa Sardina musika-produzitzailearen estudioan egin da, Los Angelesen. Sardina 18 Grammy dituen bizkaitarra da.

Xabi Solanok gaur goizean aurkeztu du abestia Euskal Itsas Museoan, Donostian, Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunekin eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin batera. Bi mundu entzun daiteke jada Spotify eta Youtube plataformetan, eta Solanok lehenbizikoz zuzenean joko du datorren igandean Aian eskainiko duen kontzertuan. Laster ‘Bi mundu’-ren bideoklipa grabatu eta argitaratuko da, eta, bertan, abestia sortzeko prozesuaren ikerketa eta sorreran grabatutako irudiak agertuko dira. 

Aurkezpenean, musikariak abestiko hainbat ideia azpimarratu ditu, hala nola bidaia horri esker, euskarak ere mundubira egin zuela. “Aberastasun kultural izugarria da hori mundura eraman zutelako garai hartan, hizkera zahar bat munduko portu anitzetan, haizea bezala hedatuz, eta kanpoan ere etxean bezala izateko ‘urrun egonda ere izateko ondoan, euskaraz hitz egiterakoan’”. 

Ion Irurzunek adierazi du musika dela dibulgaziorako eta sozializaziorako tresnarik onena, batez ere, talde batzuengana iristeko, esaterako, gazteengana. “Esango nuke abesti bat baino gehiago dela, eta beste lurralde batzuekin eta haien kontakizunarekin harremanetan jarri gaitu. Abestiaren bitartez, beste ikuspegi batzuk jaso ditugu eta gurea birkokatzeko balio izan digu”. 

Elkano Fundazioa Etxepare Euskal Institutuarekin aritu da elkarlanean bidaia berri honen antolaketan. Erakundeko zuzendari Irene Larrazak “gure historiaren ezagutzan eta dibulgazioaren arloan Elkano Fundazioa egiten ari den lana” nabarmendu du, Etxepare Euskal Institutuaren euskara eta euskal kultura munduan ezagutarazteko xedearekin bat egiten duena: “Besteak beste kulturen arteko bizikidetzan sakonduz, Elkano Fundazioaren bi kultur proiektutan parte hartu dugu. Lehenengo, Joseba Sarrionandiaren ‘Munduari bira eman zion ontzia’ liburua beste hizkuntza batzuetara itzultzen, kanpoan ere irakur dezaten, eta orain Xabi Solanok sortutako abestiaren nazioarteko dimentsioa babesten. Uste dugu gure burua ezagutarazteko eta besteak ezagutzeko era interesgarriena dela kultura, eta horretan, gure sortzaileak direla enbaxadorerik onenak. Gaur aurkeztutako abestia horren lekuko da, bi mundu, edo mundu gehiago, bakarrera ekartzen baititu, musikaren bitartez”.

Abestia Solanok konposatu eta abestu du, Elkano Fundazioak proposatu ostean. Helburua honako hau da: Elkanoren munduaren inguruko lehenengo birako ezagutzak hedatzea, hainbat motatako ikusleentzat erakargarriak izango diren formatuen bidez. Horrez gain, abestiak gertaera historiko honen inguruko ikuspuntu anitzak integratzeko helburuari erantzuten dio.