“Sevillak lehen mundu biraren 500. urteurrena elkarlaneko proiektu batekin ospatuko du; guztiona partikularraren gainetik egongo da”

10 ABU, 2019
Antonio Muñozek, Sevillako Udaleko alkateordeak eta Kultura, Turismo eta Habitat Hiritarreko ordezkariak, ospakizunari buruz duen ikuspuntua kontatzen digu Mundubira 500: Elkano Fundazioari eskainitako elkarrizketa honetan.

Gaur duela 500 urte, 1519ko abuztuaren 10ean, Magallaes-Elkano espedizioa Sevillako portutik atera zen Espezien Uharteetara heltzeko itsasbide komertzial berri baten bila. Hiru urte geroago, espedizio hori izan zen Lurra lehen aldiz zirkumnabigatu zuena, 1522ko irailaren 8an Juan Sebastián Elkano buru zuen Nao Victoria hiriburu andaluziarrean porturatzean. “Bidaia horren alfa eta omega” izandako Sevilla hiriak bost urte daramatza efemeride horren ospakizunean lan egiten. Antonio Muñozek, Sevilla Udaleko alkateordeak eta Kultura, Turismo eta Habitat Hiritarreko ordezkariak, guztia kontatzen digu Mundubira 500: Elkano Fundazioari eskainitako elkarrizketa honetan.

Muñozek azaltzen du Sevillak lehen mundu bira gogoratu nahi duela kolaborazioari garrantzia ematen dioten ekimenekin, “itsasaldi hori eskualde, pertsona eta interes askoren ahaleginari esker burutu zen moduan”. Gainera, espero du 2022. urtearen ondoren ”aztarna kultural, historiko, sozial eta zientifiko bat egotea gure lurraldeak garatzen lagunduko diguna eta guztiok mundua lehen aldiz elkartutako balentria horren garrantziaren jakitun egingo gaituena”.

Zein da Sevillako Udalak lehen mundu biraren ospakizunari buruz duen ikuspuntua?

Sevilla izan zen dagoeneko mitikoa den bidaia horren alfa eta omega, hiru urteko itsasaldi oso gogorrean muga naturalak hautsi zituen bidaiarena, betiko Europa mundu osora eta mundua bera ere zabaldu zituen bidaiarena. Hala ere, protagonismo baztertzailea bilatzetik urrun, helburuentzako desegokia eta potentzialtasun oso gutxikoa izango litzatekeena, Sevillako Udalean kontziente gara itsasaldi hori lurralde, pertsona eta interes askoren ahaleginari esker osatu zen moduan, ospakizun honek planteatutako helburu guztiak beteko dituela soilik kolaborazioaren eta partekatutako protagonismoaren bidez. Onartzen badugu lehen zirkumnabigazioa zentzu onenetik globalizazioaren lehen egintza izan zela, ulertu behar dugu bere ospakizunak parametro berdinei jarraitu behar diela. Ikuspuntu mugatu batetik urrun, nazionalismo eta lokalismo zahar eta ez eraginkorretatik urrun, Sevillatik nahi dugu efemeride horretan elkarlana nagusi izatea, duela 500 urte bezala guztiona partikularraren gainetik egotea.

Noiztik ari zarete proiektu horretan lanean?

Gutxi gorabehera duela bost urtetik lanean ari gara aurretiko fasean; udal, diputazio eta Andaluziako Juntaren laguntzarekin zenbait eduki garatu ditugu, alde batetik, hiritarrak efemerideaz eta bere garrantzi estrategikoaz kontzientziatzeko, eta, bestetik, ospakizun guztian zehar erabili daitezkeen edukiak sortzeko. Horrela, gaur, 2019ko abuztuaren 10ean, itsasoratzea oroitzen dugun egunean, zimendu sendoak daude, planteatutako helburuak lortzeko lanean jarraitzeko aukera emango digutenak.

Zein dira zehaztutako jarduera-lerroak?

Duela gutxi amaitutako Murillo Urteak emandako esperientziarekin, hiru lerro estrategikotan zehaztu ditugu efemeride honekin lortu nahi ditugun helburuak. Lerro horiek diseinatzeko kontuan izan ditugu gure lurraldearen berezitasunak eta ospakizunaren espezifikotasunak. Horrela, hiru urteko iraupena izango du, mundu guztia barne hartuko du, eta, azkenik, eduki ugari izango ditu -historikoa, kulturala, zientifikoa, itsasokoa, soziala, ekonomikoa......-. Barruko eta kanpoko faktore horiek guztiak kontuan izanik, gure linea estrategikoak hiru kategoriren barruan daude: maila nazionalean eta nazioartean Sevillaren irudia lantzea, sinergiak sortzea, lekuko ekimenak eta sektoreak -ikertzaileak, sortzaileak, ekimen hiritarrak...- babestea, eta hiriaren historiaren garrantzia azpimarratzea, ikerketa babestuz eta XVI. mendeko Sevillaren historia zabalduz.

Ekimen zehatz batzuk aipa ditzakezu?

Denbora honetan helburu handienetako bat Lehen Mundu Biraren Interpretazio Zentroa sortzea eta sendotzea izango da; zentro hori gaur bertan inauguratuko dugu, eta, udalaren laguntza zuzenarekin, Nao Victoria Fundazioak ekoiztu eta kudeatuko du.

Zentzu berean, lanean ari gara gertaera garrantzitsu horren benetako kontaketa ezagutarazteko. Horregatik, gertaera horren ezagutza historikoan aurrera egitea nahi dugu; bidaiari, protagonistei, nahastutako askotariko lurraldeei eta testuinguru historikoari berari buruzko datu gehiago ezagutu nahi ditugu, maila lokalean, nazionalean eta nazioartekoan. Etengabe garatzen ari den oinarri historiko hori ardatz izanik, sustatzen dugu Magallaes eta Elkanoren balentria egiaren bidez eta modu kritikoan eta ludikoan ezagutzera eman nahi duten kontaketen sorkuntza; horren adibidea La Aventura de la Primera Vuelta al Mundo komikia da. Horrez gain, Magallaesen eta Elkanoren lekuak seinalatu nahi ditugu, leku horiek duela 500 urte ziren moduan erakusten dituzten ilustrazioen erakusketa batekin osatuz.

Lan horrek zein ondorio izatea espero duzue?

Oro har, eta azken helburu bezala, nahi dugu hiru urte hauek igaro eta gero gure hiriak eta berarekin batera ospakizunean protagonismoa duten lurraldeek lehen zirkumnabigazioa ezagutzea eta beren gertaera historiko garrantzitsuenen artean edukitzea. Lan egiten dugu hiritarrek eta bisitariek balentria bera ezagutzeko, eta balentriak mundu osoarentzat eta, gure kasuan, gure hiriarentzat suposatu zuena ezagutzeko. Plan handizale bat Sevilla moduko hain historia handia eta aberatsa duen hiri batean.

Laburbilduz, Sevillatik -Getaria, Sanlúcar de Barrameda, Portugal eta lehen mundu biraren ospakizunarekin lotutako gainerako lurraldeen kolaborazioarekin- lan egingo dugu gure lurraldeak garatzen lagunduko digun arrasto kulturala, historikoa, soziala eta zientifikoa uzteko, guztiok mundua lehen aldiz elkartu zuen balentria horren garrantzia ezagutzeko. Gaur egun, plataforma honetatik, mundu hori elkartuago egoten lagundu dezakegu.