Pottoka Sevillara iritsi da, hilabetez nabigatzen eta hausnartzen ibili ostean

11 URR, 2019
Itsas bidaia irailaren 15ean hasi zuten Getarian 16 tripulatzailek, guztiak lan arlo desberdinetakoak.

Hainbat gairi buruz hausnartu eta eztabaidatu dute: euskaldunok itsasoarekin dugun harremana, ozeanoen iraunkortasuna, teknologiak gizartearen garapenean duen eragina eta kulturen arteko bizikidetza. Elkano 500 Fundazioak dokumental batean jasoko ditu edukiak, tripulatzaileek egindako lanarekin.

Getaria eta Sevilla arteko mila miliak egin ondoren, Pottoka belaontzia bart iritsi zen hiriburu andaluziarrera. Hilabeteko nabigazioa, lau etapa, 16 tripulatzaile, guztiak lan eta ikasketa profil oso desberdinekin, Unai Basurko kapitaina eta gizartea munduaren inguruko lehenengo birarekin lotzen dituzten gaurkotasun handiko gaien inguruko eztabaida eta hausnarketa ordu asko: euskaldunok itsasoarekin dugun harremana, itsasoko ekosistemen iraunkortasuna, zientziak eta teknologiak gizartearen garapenean duten eragina, kulturen arteko bizikidetza eta mundializazioa. Elkano 500 Fundazioak dokumentala eta argitalpen bat egingo ditu itsas bidaian ikasitakoa zabaldu eta gizartearekin partekatzeko. 

Bidaiaren eta pentsamendurako espazio honen azken etapako tripulazioa Portugalgo Portimao hiritik irten zen eta Kadizko golkoaren uretan nabigatu zuen; San Lucar de Barramedan geldialdia egin eta Guadalquivirren gora Sevillara iritsi ziren. 

Tripulazio kideak izan dira Peyo Lizarazu surflaria, Iban Ayesta filosofoa, Felipe Apaletegui kultur kudeatzailea, eta Albaola Itsas Faktoriako kide eta irakasle Ane Miren Miralles -Manuel J. Parodi historialaria ordezkatuz, azken horrek ezin izan baitu itsas bidaian parte hartu-. 

Peyo Lizarazu, Felipe Apalategi, Ane Miren Miralles, Unai Basurko, Iban Aiesta eta Xabier Urresti.


Sevilla iristearekin batera etapa bati amaiera eman zaio eta proiektuko beste etapa berri bat hasten da. “Besteak beste antropologo, filosofo, astronomo, itsas biologo, artista, kultur kudeatzaile eta irakasleek osatutako tripulazioek banaka zein taldean lan egin dute Elkano 500 Fundazioak proposatutako gaien inguruan edukiak sortzeko, eta eduki horiekin dokumentala egingo dugu”, azaldu du erakundeko zuzendari Ion Irurzunek. 

Dokumentalaz gain, Irurzunek aurreratu du itsas bidaia-pentsamendurako espazio honekin hasitako taldeko hausnarketa-prozesuak jarraipena izango duela beste formatu batzuekin. 

Irurzunek azaldu du itsas bidaiaren zenbait unetan tripulazioek “itsaskia, itsaski handia eta 37 korapiloko boladak izan dituztela”, nolabait proiektuaren helburua baldintzatu dutenak. Eta gogorarazi du senak esaten ziela itsasoak eta nabigazioak hausnarketarako baldintza onak sortzen dituela. Fundazioko zuzendariak azaldu duenez “errealitateak bi gauza erakutsi dizkie: itsasoan itsasoko baldintzen menpe gaude, eta batzuetan ezinezkoa da aurreikusitakoa gauzatzea; baina, era berean, ikusi dugu itsasoaren baldintzek, eta bereziki baldintza txarrek pertsonen hauskortasuna eta zaurgarritasuna azaleratzen dutela, guztiok berdintzen gaitu, gertutasuna sortuz eta taldearen indarra handituz”.  

Bidaian zehar, Unai Basurko eta Gonzalo Terceño kapitainekin nabigazio nozioak ikasteaz gain, tripulazioek esperientzia ugari izan dituzte eta hainbat ezagutzetara gerturatu dira. Esate baterako, lehenengo etapan, Tantak GGKEko Ana de Larak hartu zuen parte, eta berarekin laginak hartu zituzten gure itsasoen egoera aztertzeko; horrez gain, etapak iraun zuen denboran ikusi zituzten zenbait hegazti katalogatu zituzten. Hirugarren etapan, Aranzadi zientzia elkarteko Virginia Garcia astronomoak astronomia eta nabigazio ezagutzak partekatu zituen ontzian, eta eskola-ikasleentzako bideo bat grabatu zuen, izan ere, zenbait ikastetxek interes handiarekin jarraitu dituzte Pottokaren abenturak. A Coruña-Cascais etapako tripulazioak berriz, bi egun sakelako telefonorik gabe pasatzea erabaki zuen, teknologiak gure giza harremanetan zuen eraginaz hausnartu eta gero. 


Aurreko etapak
Bidaiariak aurreko igandean, irailak 15, irten ziren Getariako portutik, Elkanoren Itsasoratzea jaialdiaren ospakizunen barruan; aipatu jaialdiarekin orain 500 urte munduaren inguruko lehen bira bilakatu zen espedizioaren itsasoratzea gogoratu nahi izan zuen Juan Sebastian Elkanoren jaioterriak, eta baita, historian zehar, itsasora irten ziren beste hainbat nabigatzaile eta arrantzale ere.  

Getaria-Cueto-A Coruña arteko lehenengo etapan parte hartu zuten EiTBko eguraldiaren aurkezle June Ansoleagak; Charo Tribis-Arrospe irakasle erretiratuak; Jose Mari Larramendi antropologo eta Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko kideak; eta Ana de Lara itsas biologoak. 

Xabier Urresti, Ana de Lara, June Ansoleaga, Jose Mari Larramendi, Unai Basurko eta Charo Tribis-Arrospe.

A Coruña eta Portugalgo Cascais hirien artean, tripulazio kideak izan ziren Daniela Garreton artista eta Panthalassa taldeko kidea; Joseba Argiñano sukaldaria; Emma Lira, National Geographic-eko kazetaria; Adrian Lamas, Mundukideko Afrikako proiektuen kudeatzailea. 

Hirugarren etapan, Cascais eta Portimao artean, Gonzalo Terceñok ordezkatu zuen Unai Basurko kapitaina, eta tripulazioa osatu zuten Vertice plataformako Maria Paz Montecinosek; Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomo Virginia Garciak; UPV/EHUko filosofia irakasle Ekai Txapartegik; eta Alejandro F. Aldasoro idazleak, bi aldiz izendatua Euskadiko Literatura sarietarako.  

Bidaiak iraun duen denboran, Unai Basurkoren taldeko kide Xabier Urresti argazkilari eta patroiak eztabaidak grabatu ditu.

Alejandro Aldasoro, Virginia García, Maria Paz Montecinos eta Ekai Txapartegi.