Audioliburu berria: "Juan Sebastian Elkano, kapitain baten biografia"

24 EKA, 2020
Audioliburuak duela 500 urte gertatutako Elkanoren munduaren lehen itzulia errepasatzen du hamahiru ataletan. Gidoia Julián Díaz Alonso dokumentalistaren lana da, Getariako itsasgizonari buruzko ikerketa sakon baten ondorio.

Larunbat honetatik aurrera, ekainaren 27a, beste elkarlan bati ekingo diogu, Getariako itsasgizonaren mundubira eta espedizioan garrantzi handia izan zuen XVI. mendeko itsas Euskal Herriaren testuingurua beste era batera ezagutarazteko.

EITB komunikazio taldearekin batera, "Juan Sebastian Elkano, kapitain baten biografia" emitituko du bere irratien eta Radio Euskadiko eta Euskadi Irratiko webguneen bidez, Elkano Fundazioak ekoitzi eta Julian Diaz dokumentalista eta idazleak gidoilatutako hamahiru ataleko audioliburua.

Uztailaren 5etik aurrera, Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako Por la sombra saioak igandero eta jaiegunetan emango ditu atalak; horrez gain, aste barruan, Graffiti saioak asteko atala emango du berriz ere. Abuztuan, Euskadi Irratiak euskaraz entzuteko aukera eskainiko du, eguerdiko albistegi kulturalaren ostean.

Audioliburua taldearen irratien webgunean ere egongo da eskuragarri, uztailaren 5etik aurrera.  Gazteleraz Radio Euskadin entzun dezakezu, esteka honetan; eta  euskaraz Euskadi Irratian, beste honetan.  

"Juan Sebastian Elkano, kapitain baten biografia" munduaren lehen itzulia kontatzen duen audioliburua da, lekuko pribilegiatu baten ikuspuntua berreskuratuz, Elkano bera.  Gizonaren eraldaketa ere kontatzen du, parte hartu zuen bi espedizio ozeaniko handien bidez.Hala, produkzioak Elkanoren bizitza errepasatzen du Sevillan Espezieriarantz ontziratu aurretik, espedizioaren prestaketak, bidaia bera, eta baita ondoren gertatu zitzaiona ere, Garcia Jofre de Loaisaren agindupean Moluketara egindako bigarren espediziora arte, non Elkanok bizia galdu zuen.

Elkano protagonista izanik ere, audioliburuak Magallanesen ekarpena eta irudia errespetatzen ditu, eta historia kolektiboenaren ikuspuntu bat ematen du, gertatutakoa zorrotz islatuz. Gaur egungo ikuspuntutik kontakizunak fikzioa dirudien arren, biografia oso dokumentatuta dago Julián Díazek egindako lanean –Díaz  Bilboko Itsasmuseumeko  "J.S. Elkano. Aztarnaren bila" erakusketako komisarioa da, eta izenburu bereko Getariako itsasgizonari buruzko biografia gaurkotuaren egilea.

Ekoizpenean lau ahots narratzailek parte hartzen dute, bi gizonezko eta bi emakumezko, eta mundubiraren protagonista kolektiboa den euskal kostaldeko kantu tradizionalen aukeraketa musikal batekin aberasten da, aldi berean.