Elkano 500 Fundazioak sustatuta eta UPV/EHUrekin lankidetzan, “Elkano eta munduaren inguruko lehen bira: 500 urte geroago” ikastaroa izango da gaur eta bihar Donostiako Miramar jauregian. Gaurko saioan, Sevillako Unibertsitateko katedradun Pablo E. Pérez Mallaínak XVI. mende hasieran itsasontzietako bizimodua nolakoa zen aztertu du; Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko Daniel Zulaika, bere aldetik, Magallanes-Elkano espedizioan euskaldunek izan zuten betekizunaz aritu da, eta Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik euskal itsasgintzaz eta munduaren inguruko itzulia burutu zuen Victoria naoaz hitz egin du.
“Bizitza XVI. mende hasierako ontzietan” izenburupean, Pérez Mallaína irakasleak hainbat alderdi aztertu ditu, hala nola marinelen gizarte-jatorria, lanbideak naoetan, bizi baldintzak, garai hartako gizarteak itsasgizonei buruz zuen iritzia eta beren sinesmenak.
Garaiko “itsas bokazioa” azaltzen zuten hainbat faktore zeuden: premia, diruzalekeria, jakin-mina eta familia-tradizioak; nolanahi ere, Indietako bideko itsasontzietan joateko arrazoi nagusia pobrezia izaten zen. Atlantikoaz araindiko nabigazioaren urte gorenetan, 8.000 gizon ere behar izan ziren urtean tripulazioa osatzeko; “soldatapeko langile askeen” masa hori gainditzen zuen bakarra armadek behar izaten zituzten jende multzo handiak ziren. Sevillako Kontratazio Etxeko kopuru ofizialen arabera, tripulazioen %20a atzerriko marinelek osatzen zuten, eta horrenbestez, katedradunaren arabera, “benetako kopuruak oso gainetik egon behar zuen”. Herrialde aliatuetakoak edo Espainiako Austrien mendekoak izaten ziren, asko eta asko legez kanpoko egoeran zeuden, eta horrenbestez, “soldata txikiagoak, kalitate txarreko elikagaiak eta edaria onartzen zituzten”; hori dela eta, “itsasontzietako maisu eta jabeek gogo onez hartzen zituzten”.
Itsasoko lanbideak ez zeuden ondo ikusita garaikideen artean. Lan gogorra zen, "izerdi egiten zuten eta izerdiak gizarte-alergia ematen du". "Garaian zioren ontzietan zazpi arte liberalak ikasten zirtela: birao egin, edan, iruzur egin, iraindu, lapurtu, erail eta larrua jo".
Eta gainera, XVI. eta XVIII. mendeetan legeak geroz eta zorrotzagoak egin ziren eta “itsasoko jendearen babesgabetasuna geroz eta nabariagoa izan zen”. Katedradunak azaldu duenez “bideak ezagutzen eta tresna teknikoak hobetzen joan ziren neurrian”, marinelak “langile hutsak” bilakatu ziren, eta egiten zuten “lan fisikoa” baino ez zen estimatzen.
Era berean, itsasoko gizonak “matxinakorrak ziren, Jainkoaren eta erregearen legeak urratzen zituzten”. Mallaínaren esanetan, jarrera hori industria arloko langileak nagusien zapalkuntzaren aurka altxatu zireneko aurrekari bat da autore batzuentzat. Edonola ere, “espainiar bideetan marinelak soldatapeko langile askeak ziren, artean jauntxo izaerako edo izaera feudaleko lan-sistemak nagusi ziren mundu batean”.
Morroi izatetik pilotu izatera
Sevillako Unibertsitateko irakasleak azaldu du Indietako bidea egiten zuten naoak “langile batzuk lanbide batean jarduten zuten espazioa” zela besteak beste, eta zenbait adituren esanetan industria garaiko lantegien “aurrekari” garbia dira. Leku itxi batean sartuta, garai hartako makinarik konplexuenak maneiatzen zituzten, beren lana programatu eta ikuskatu egiten zen, eta “lanean segurtasun eza eta arrisku pertsonala” handiak ziren benetan. Izan ere, itsasontziak joan-etorriko bidea egiten zuen bitartean bakarrik kobratzen zuten marinelek, eta hustuketa amaitzean, ordainsaririk gabe geratzen ziren; eta horrez gain, laneko istripuak eguneroko kontua ziren.
Itsasgizonek maila profesionalean gora egiteko zuten bide bakarra esperientzia zen. Haurtzaroan hasten ziren lanean, 8 eta 15 urte artean, naoko morroi gisa; 17 urterekin itsasmutil bilakatzen ziren, soldataren hiru laurdenal kobratuz; eta 25ekin, marinel izendatzen zituzten, jada soldata osoarekin eta kargaren zati txiki bat jasotzeko eskubidearekin. Marinel baten lan-ibilbidea ez zen 40 urte baino askoz gehiago luzatzen, salbuespen gutxi batzuk izan ezik, pilotu kargua lortzen zutenak esate baterako.
Itsasarotzak, arotzak, zirujauak edo upelgileak marinelen gainetik zeuden, eta bere lanaren truke sokldata eta erdi, edo soldata bikoitza jasozten zuten. Pilotuarekin batera, kapitainak eta maisuak osatzen zuten naoetako gidaritza-taldea.
Ikusi aurretik usaintzen ziren itsasontziak
Pertsonako 1,5 metroko espazio batean sartuta, tripulazioak, soldaduek eta bidaiariek baldintza “ikaragarriak” partekatzen zituzten, oso toki gutxi baitzegoen, eta gainera, horri bidaia tropikaletako beroa eta zikinkeria gehitu behar zitzaizkion; horregatik esaten zen “berorren maiestatearen itsasontziak usaindu egiten zirela ikusi baino lehen”.
Elikadura gai paradoxikoa zen itsas bidaia haietan. Mallaínak Eugenio de Salazar-en -mundu berrian bere lanpostua betetzeko ontziratutako legelaria- lekukotasuna ekarri du gogora: “ eta itsasoaren erdian egarriak hilko zarete eta ura ontzetan emango dizuete botikan bezala, zezina eta beste janari gazitu batzuez asperturik….”.
Bidaietako une lasaietan jolastu egiten zuten -dadoak eta kartak-, edan, hitz egin edo irakurri, jarduera kolektibo gisa –"batek irakurri egiten zuen, eta gaoinontzekoak entzun egiten zuten". Zalduneria istoriak maite zituzten, eta ‘Orlando el furioso’ zen arrakasta handiena zuen tituloa.
Erlijio ohiturei dagokionez, isasgizonak sinesdunak zirela baina ez zutela gehiegi praktikatzen adierazi du: "kandela bat Jainkoari, eta beste bat deabruari" jartzen ziotela esan du.
Plus ultra berria
Hitzaldiaren amaieran katedradunak adierazi du "muga berri baten aurrean" gaudela, "gaur, izarrak, plus ultra berria baitira". Gizakia lurralde berrietara iristen denean "zer egingo ote dugun" galdetu dio bere buruari, “mantendu egingo ditugu edota zimenduetaraino suntsituko ditugu, bestetan egin izan dugun moduan". Horregatik guztiagatik, atzeara begiratzean "mirestu baino, ikasi egin behar dugu".