Elkano, Nahia Zubeldiak Nekatoeneako idazketa egonaldian landuko duen olerki bildumaren abiapuntu

24 AZA, 2020
Hilabetez egongo  da Hendaiako Abbadia Eremuko Nekatoenean, 2020ko azaroaren 23tik abenduaren 23ra.

Nahia Zubeldia sortzaile, musikari eta itzultzaile ziburutarra hilabetez egongo da Hendaiako Abbadia Eremuko Nekatoenean, 2020ko azaroaren 23tik abenduaren 23ra, Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak,  Euskal Idazleen Elkarteak eta Elkano Fundazioak maiatzean zabaldu zuten deialdiaren irabazlea izanik. Juan Sebastian Elkanoren larruan sartuz, olerki bilduma bat landuko du itsasketaz, euskaldunon jakin minaz, mundu ezezagunen bila joatearen tiraz eta itsasoaren  aurpegi guziez: "ene ametsen ama eta sormenaren bazka izanik ere, bisaia ilunagoak ere baititu itsasoak. Azken urteetan, esperantzaz bete jende anitzen hilobi bilakatu da, eta uretan arrain bezainbat zikin dabil… […] Paradoxa horietan eman nahi nuke arreta, ahal bezainbat ikuspuntutik so eginez".

Horrela, hamargarren urtez jarraian, euskal idazle batek parte hartuko du Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterra,  Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten euskarazko literatura sorkuntza egonaldian. Ekimen honen bidez, euskal literatura sorkuntza sustengatu nahi da eta irabazleari argitaratuko den idazketa lan batentzat behar dituen ahalak eskaini leku abantailatu batean. Literatura sorkuntza egonaldi horren hamargarren urtemuga Juan Sebastian Elkanoren munduko lehen itzuliaren 500 urtemugarekin bat egin du eta, horren harira, Elkano 500 Fundazioak ere ekimenarekin bat egin du.

Literatur proposamen desberdinak eta kalitate handikoak aurkeztu ziren deialdira; egitura bakoitzeko ordezkari batekin osatutako epaimahaiak ez zuen hautua erraza izan baina egonaldia eta horrekin batera doan dirulaguntza Nahia Zubeldia  sortzaileari ematea erabaki zuen azkenean. 37 urteko ziburutar hau aspalditik dabil testuak idazten eta musika sortzen, besteren artean Unama eta Lumi taldeetan. Idazketa beti izan du ondoan, bere eskola ibilbidea lekuko: Bordelen Hizkuntza Zientzien lizentziatura lortu ondotik,  Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatu zen, UPV/EHUn.