Nahia Zubeldia, Nekatoeneako idazketa egonaldiaren irabazlea

21 UZT, 2020
Sortzaile, musikari eta itzultzailea den Nahia Zubeldia izanho da aurten Nekatoeneako euskal idazle egonaldia egingo duen sortzailea. Elkano aitzaki, eta itsasoari lotuta, olerki bilduma bat landuko du zuberotarrak.

Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen duten euskal idazle egonaldiaren hamargarren edizio honetan, Elkano 500 Fundazioa izan da bidelagun, mundubiraren 500 urteak direla eta.

Nahia Zubeldia sortzaile, musikari eta itzultzaile zibirutarra hautatu dute Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkartearen euskarazko literatura sorkuntza egonaldiaren hamargarren edizioaren irabazle.  Egonaldiaren hamargarren urtemuga ospatzeko, eta lehen mundubiraren 500 urteak direla eta, Elkano 500 Fundazioa bidelagun izaten ari da deialdi honetan. Ekimen honen bidez, euskal literatura sorkuntza sustengatu nahi da eta irabazleari idazketa lan batentzat behar dituen baldintzak eskaini leku abantailatu batean; aurtengo deialdiaren helburua da , baiat ere, mundubira eta Euskal Herria Itsastarraren inguruko edukiak garatzea.

Zubeldia hilabete batez egongo da Hendaiako Abbadia Erremuko Nekatoenean, 2020ko azaroaren 23tik abenduaren 23ra. Elkanoren larruan sartuz, olerki bilduma bat landuko du itsasketaz, euskaldunon jakin minaz, mundu ezezagunen bila joatearen tiraz eta itsasoaren aurpegiez, aurpegi guziez: "ene ametsen ama eta sormenaren bazka izanik ere, bisaia ilunagoak ere baititu itsasoak. Azken urteetan, esperantzaz bete jende anitzen hilobi bilakatu da, eta uretan arrain bezainbat zikin dabil… […] Paradoxa horietan eman nahi nuke arreta, ahal bezainbat ikuspuntutik so eginez".

Jaso diren literatur proposamenak askotarikoak eta kalitate handikoak izan dira, eta hautaketa ez da erraza izan. Egitura bakoitzeko ordezkari batekin osatutako epaimahaiak, egonaldia eta horrekin joaiten den dirulaguntza Nahia Zubeldia sortzaileari ematea erabaki du azkenean.

 

37 urteko ziburutar hau aspalditik dabil testuak idazten eta musika sortzen, besteren artean Unama eta Lumi taldeetan. Idazketa beti izan du ondoan, eta Bordelen Hizkuntza Zientzien lizentziatura lortu ondotik,  Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatu zen, UPV/EHUn.