“Mundubiraren ubera” hitzaldien ziklo berriak kontakizun historikoaren eraikuntza izango du aztergai

31 MAI, 2021
"Elkano ala Elkanoak: historia, memoria eta kontaerak” zikloak narratiba historikoaren inguruko hausnarketa sustatu eta haren eraikuntzan sakonduko du.  Zikloa hiru topaketaz osatuta dago eta Getarian egingo dira, ekainaren 10ean eta 29an, eta uztailaren 15ean.

Zer kontatzen dugu iraganari buruz eta nola egiten dugu? Narratiba historikoa erabakigarria da, alde batetik, iragana interpretatzeko, eta, bestetik, etorkizunari begiratzeko. Horregatik, Elkano Fundazioak eta Getariako Udalak, “Mundubiraren ubera” programazioaren barnean, “Elkano ala Elkanoak: historia, memoria eta kontaerak” izeneko topaketa-zikloa antolatu dute, gai horien eta kontakizun historikoekin lotutako beste batzuen inguruko hausnarketa eta eztabaida sustatzeko.

Mintzaldi guztiak streaming bitartez jarraitu ahal iznago dira Fundazioko Youtube kanalaen bitartez.

“Ziklo honen bidez, kontzientzia kritikoaren alde egiteaz gain, honako hau ulertarazi nahi dugu: edozein gertaera historiko ikusteko eta kontatzeko modua oso desberdina izan daiteke, lortu nahi diren xedeen arabera”, azaldu du Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek.

Mahai-inguruak ekainaren 10ean eta 29an eta uztailaren 15ean izango dira, Getariako Iturzaeta aretoan, 19:00etatik 20:30era. Fundazioaren Youtube-ko kanalaren bidez ere zuzenean jarraitzeko aukera egongo da. Modu presentzialean bertaratzeko, beharrezkoa da aurretiaz Getariako turismo bulegoan izena ematea.

Topaketa bakoitzean bi ekarpen egingo dira, horietako bakoitzak lehenbiziko mundu birari buruz duen ikuspuntua azalduko du. Horrez gain, hirugarren pertsona bat arituko da moderatzaile gisa, eta funtsezkoa izango da jardunaldiaren ardatzari eusteko.

Lehenengo topaketan (ekainak 10) honako hauek parte hartuko dute: UPV/EHUko filosofia-irakasle Ekai Txapartegik (“Elkanoko Juan Sebastian. Berpizkundeko humanista utopikoa”) eta Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik ("Elkanorena kasualitate izan al zen?"). Haiekin batera Xabier Kerexeta historialaria eta Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko etnografoa arituko da, dinamizatzaile lanak egiten. Saioa euskaraz egingo da.

Ekainaren 29ko topaketa gaztelaniaz egingo da. Partaideak honako hauek izango dira: Enrike Santamaría nobelagile eta historialaria ("Evolución y motivaciones de una catástrofe historiográfica") eta Janire Castrillo UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea (“Enseñar la Historia sin mujeres”). Gaizka Aranguren kazetariak dinamizatuko du topaketa.

Hirugarren saioan (berriz ere euskaraz egingo da), Gaizka Aranguren eta Xabier Kerexeta izango ditugu berriro gurekin, Martxelo Otamendi kazetariarekin batera, narratiba historikoen eraikuntzari buruzko zikloaren ondorio nagusiei buruz hitz egiteko.

“Mundubiraren ubera” programa duela 500 urte munduari emandako lehenengo itzuliaren beste ikuspuntu bat, diziplina anitzekoa, emateko jaio zen. Haren xedea da iraganari buruz hausnartzea eta orainarekin lotzea, etorkizunerako ikuspegiak zabaltzeko.