Donostia Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresu gastronomikoa Kursaal-eko auditoriumean egingo da urriak 6 eta 9 bitartean. Kongresua munduaren inguruko itzuliarekin lotura duten herrialdeetako sukaldaritzara gerturatuko da aurten, eta horrenbestez, Brasil, Argentina, Txile, Indonesia edo Filipinetako sukaldariburuek sukaldaritza aniztasuna erakutsiko dute Donostian, usain eta zaporeen mundubira berezi batean.
Magallanes-Elkano espedizioa orain 500 urte atera zen Molukak uharteetara itsasbide berri bat aurkitzeko helburuarekin, bertan aurkitzen baitziren espezieak, eta horregatik espedizio hari Espezietako armada deitu zitzaion. Baina hasiera batean merkataritza-bidaia zenak lurraren inguruko lehen itzulia burutu zuen, gizartearen eta historiaren garapena hainbat arlotan eraldatu zuen gertakaria izan zen. Arlo horietako bat elikadura izan zen, Elkano 500 Fundazioaren lan-ildoetako bat hain zuzen. Eta gainera, Fundazioak lankidetza-sareak sortzeko bokazioa du, hala testuinguru ekonomiko eta soziala zabaltzeko nola lehen zirkumnabigazioari lotutako gertaerak ezagutzera emateko.
Horrela sortu zen lankidetzarako aukera hau atzo aurkeztu zen Donostia Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuarekin. Sukaldaritza ekitaldi honen XXI. edizioak keinu bat egin nahi izan dio munduaren lehen itzuliari, eta horrela, munduaren inguruko lehen itzuliaren 500. urteurrena gogoratzeko beste hainbat esparrutan, besteak beste musikan, antzerkian, kirolean edo esparru akademikoan, antolatzen ari diren ekimenekin bat egin du.
Donostia Gastronomika munduaren inguruko itzuliaren zaporeaz gozatzeko aukera bat izango da; bertan bat egingo dute tradizioak eta gaur-gaurko sukaldariburu nahiz hainbat herrialdetako jatetxeek, hala nola Kanariar uharteetakoek, Brasilgoak, Txilekoak edo Indonesiakoak. Kongresuan beste latitude batzuetako gonbidatuak ere izango dira, esate baterako Plaza Athénée (Paris, Frantzia) edo Mere (Londres, EB) jatetxeetakoak, bidaiaren mundu mailako ideian sakontzeko. Getariako Elkano jatetxeko Aitor Arregui ere bertan izango da, hitzorduari hutsik egin gabe.