Mundubira postaletan, 500 haur eta neraberen ikuspegitik

9 EKA, 2021
‘Postalak mundubiran’ ekimenarekin, Euskadiko eta Txileko ikasleek 500 postal egin eta trukatuko dituzte, itsasoari buruzko ikuspegiak eta mezuak partekatuz. Fase pilotuaren ostean, 2022an, proiektuak lehen mundubirarekin lotura duten beste lurralde batzuk sartu nahi ditu ekimenean; hala nola Andaluzia, Filipinak, Cabo Verde eta Portugal.    

Elkano Fundazioaren eta Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionalaren arteko lankidetzaren emaitza da ‘Postalak mundubiran’ ekimena. 

Duela 500 urte, Magallaes-Elkano espedizioak lehen aldiz lotu zituen bost kontinenteak eta lehen aldiz zeharkatu zituen Ozeano Atlantikoa, Ozeano Barea eta Indiako ozeanoa. 500 urte geroago, itsasoaren bitartez Euskadi eta Txile elkartzeko xedearekin, bi itsasertzetako haur eta nerabeek 500 postal trukatuko dituzte aste honetan ‘Postalak mundubiran’ ekimenaren baitan. Ekimen horrek beste mundubira bat proposatzen du, postalak trukatuz eta gazteenen ikuspegitik oraingo honetan.

Oroitzapenaren ekuatorea iraganda –1521eko ekainean, espedizioa dagoeneko iritsia zen espezia preziatuen uharteetara– eta Ozeanoen Munduko Egunarekin bat etorriz, sormenezko topaketa honek agerian jarri nahi du lurralde bakoitzaren berezitasuna Euskadiko zazpi ikastetxetako eta Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko beste hainbat zentrotako 8, 12 eta 14 urte arteko haur eta nerabeen ikuspegiaren bitartez.

Ikastetxeek interes handiarekin egin dute bat proiektuarekin eta maiatzean postalak marrazten aritu dira, aste honetan bertan ozeanoaren beste aldera bidaliko dituzten postalak, hain zuzen ere. Postaletan “Ni eta itsasoa, itsasoa eta zu” gaia landu dute eta, irudiaz gain, itsas bizitzarekin eta lurraldeari lotutako istorioekin duten harremana partekatu dute.

Ekimen horri esker, duela 500 urte lehen aldiz elkartu ziren bi eskualdeen arteko lotura eguneratu nahi da; horretarako, lurralde bakoitzaren berezitasunak hartuko dira ardatz, kultura-aniztasuna azpimarratuz.

Elkano Fundazioaren eta Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionalaren arteko lankidetzaren emaitza da ‘Postalak mundubiran’ ekimena. Bi erakunde horien artean hitzarmen bat sinatu dute hainbat proiektu bultzatzeko lehen mundubiraren 500. urtemugaren testuinguruan. Aurreko bi erakundeez gain, hauek ere hartu dute parte: Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Teraike Fundazioak –Txileko ikastetxeen koordinatzaile gisa– eta Correosek –postalak bidaltzeko zigiluak eman ditu–.  –Txileko ikastetxeen koordinatzaile gisa– eta Correos –postalak bidaltzeko zigiluak eman ditu–.

 “‘Postalak mundubiran’ ekimenaren bidez, itsasoari lotutako historia partekatzen duten gazteak elkartu nahi dira, gazte horiek lotura hori dutenik ez badakite ere” azaldu du Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek. Honako hau ere gehitu du: “Gazteek itsasoarekin duten harremanari buruz hausnarketzea nahi dugu, baita itsasoarekin lotura duten beste kultura batzuk ezagutzera bultzatu ere, kultura-aniztasuna eta Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeetako mundu-ikuskerak ezagutu ahal izateko”.

Carlos Maillet Txileko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionaleko zuzendariak, bere aldetik, ekimena "duela 500 urte baino gehiago hasi zen eta bi herriak sakon identifikatzen dituen itsasaldi baten inguruan lotura berriak sortzeko elkarrekiko ahalegina" dela esan du. “Mugarri honek kultura-trukea eta elkarrizketa integratzailea sustatzen jarraitzera bultzatzen gaitu, kasu honetan haur euskaldunen eta magallanikoen arteko elkartruke bidez adierazia".

Euskadiren eta Txileren arteko elkartruke hori esperientzia pilotua da, eta lehen mundubirarekin lotura estua duten edo itsas historia eta kultura oso errotuta duten udalerrietako ikastetxeek hartzen dute parte. Gipuzkoatik eta Bizkaitik honako hauek hartzen dute parte, hain zuzen: Getariako Iturzaeta Eskola Publikoa, Orioko Zaragueta Eskola Publikoa, Mutrikuko Goizeko Izarra eta San Miguel, eta Bermeoko Sagrado Corazón, Eleizalde Ikastola eta San Frantzisko.

Magallaes eta Txileko Antartika eskualdetik –espedizioaren ibilbidetik gertu dagoen eremu geografikotik– –espedizioaren ibilbidetik gertu dagoen eremu geografikoa– beste zazpi ikastetxe hauek hartu dute parte esperientzian: Punta Arenaseko hiru, Hernando de Magallanes eskolak, Padre Alberto Hurtado eskola eta Pedro Sarmiento de Gamboa eskolak; Puerto Natalesko Coronel Santiago Bueras eskolak; Puerto Williamseko Donald McIntyre Griffiths lizeoak, eta Porvenir udalerriko Bernardo O'Higgins eskolak eta María Auxiliadora ikastetxea.

Proiektua amaitzen denean, 500 postalak liburu digital batean bilduko dira libreki erabiltzeko, bai parte hartzen duten ikastetxeek, bai publikoak, oro har.

Lehen esperientzia pilotu honen ostean, 2022an lehen mundubirarekin lotura duten beste lurralde batzuk sartu nahi dira ekimenean, hala nola Andaluzia, Filipinak, Cabo Verde eta Portugal.