'Munduari bira eman zion ontzia’ izeneko liburua Joseba Sarrionandia euskal idazlearen eta Ares ilustratzaile kubatarraren arteko elkarlanaren emaitza da, 10 urtetik aurrerako irakurleentzat

24 MAI, 2022
Pamielak argitaratua, Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du galizierara, katalanera eta gaztelaniara itzultzeko. “Oroimenerako eta izpiritu kritikorako edukiontzia” izan nahi duen argitalpen hau Elkano Fundazioak babestu du, lehen mundubirari buruzko ezagutza eta hausnarketa zabaltzea helburu hartuta.

‘Munduari bira eman zion ontzia’, 10 urtetik gorako adin guztietako irakurleentzako ipuina, Joseba Sarrionandia euskal idazlearen eta Ares ilustratzaile kubatarraren arteko elkarlanaren emaitza da. Historia-irakasle batek bilobarekin Juan Sebastian Elkanoren bidaiaz izandako elkarrizketa luzea jasotzen du lanak. Neskatoak kontakizuna interpelatzen du; izan ere, bilobak “benetako historia” nahi du, eta ez ipuin gehiago. Kontakizunak egungo arazo ugari planteatzen ditu elkarrizketa alai eta ironiaz betetako batean. ‘Ontzia’ euskal hitzaren esanahi bikoitzarekin jolastuz –itsasontzia zein edukiontzia izan daiteke–, Sarrik dio liburua, gainera, “oroimenerako eta izpiritu kritikorako edukiontzia ere badela”. 

Joseba Sarrionandiak eta Aristides Hernandezek lana aurkeztu dute gaur goizean Donostiako San Telmo Museoan, Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariarekin eta Eli Irazu Pamielako editorearekin batera. Ekitaldian izan da, halaber, Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria. Erakunde horri esker, liburua gaztelaniara, katalanera eta galizierara itzuliko da. 

Duela 500 urte Elkanok egin zuen bidaiari eta horrek gaur egungo egoerarekin dituen loturei dagokienez, Sarrionandiak esan du iragana ez dagoela hilda, eta “gertatu ere ez dela egin. Ontzi haiek lehen globalizazioaren balio enblematikoa dute, eta oraingo hegazkinak eta satelitek enegarren globalizazioa dira, lapurren banda-pentsamoldea duten pertsonen eskutik; izan ere, zibilizazioa basakeriarekiko ordezkatzeko aitzakian, injustizia sofistikatuz jokatzen jarraitzen dute”. Bestalde, egileak badu uste liburuak zerbaitetarako balio dezakeela:  “Pentsamendu bakarreko eta mugikorreko garai batean bizi gara, mugikorrak duen azkartasun eta iraungitze horrekin, non liburu batek handik igaro zen norbaiten aztarna dirudien, komunikazio-tresna eraginkorra baino. Baina oroimen eta izpiritu kritikorako ontzi ona izaten jarraitzen du. Horixe egin nahi izan dugu testuarekin eta marrazkiekin, historia pixka bat gogoratzeko eta zer gertatzen den behatzeko ontzi bat”.

 

Aresek gaineratu du liburuak ikaskuntza handia ekarri diola: “Liburua ilustratzean, historia bat ezagutu nuen, munduari bira eman zionekoa; ondo ezagutzen nuela uste nuen, baina, egia esan, ez nuen, inondik ere, ezagutzen”. Lan egiteko moduari dagokionez ere esperientzia berria izan da berarentzat: “Niri beti eman izan didate liburua idatzita, ilustrazioak txertatzeko espazio zuriekin. Sarrirekin elkarlanean aritzea testuak eta irudiak lau eskutara nola sortzen ziren ikustea izan da, osotasunak forma eta zentzua nola hartzen zuen ikustea. Lan egiteko bestelako modu bat izan da niretzat”.
Ion Irurzunen iritziz, lankidetza horren emaitza “hausnarketez beteriko lana izan da, eta ziur nago adin guztietako irakurleak akuilatzea lortuko duela, bai testuen bidez, bai ilustrazioen bidez”.

Pamiela argitaletxearen izenean, Eli Irazuk nabarmendu duenez, “itsasoari begira bizi zen herri baten historiaren kapitulu harrigarri bat kontatzeaz gain, egungo munduko milaka arazo garrantzitsuren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu liburuak”. Edizioari dagokionez, jakinarazi du euskarazko 3.000 aleko inprimaketa egin dela hasieran, eta haren ustez, liburu egokia izan daiteke belaunaldi honetako eta hurrengo belaunaldietako gazteentzat.
Gaur arratsaldean bertan, Sarrik eta Aresek aurkezpen irekia egingo dute Getariako Iturzaeta aretoan, 19:30etan. Aurretik, ipuinaren lagungarri diren ilustrazioak biltzen dituen erakusketa ibiltari bat inauguratuko da baita ere;  aurrerago, erakusketa Donostiako Euskal Itsas Museoan ikusi ahal izango da.

Elkano Fundazioaren helburua adin guztietako publikoen arteko lehen zirkumnabigazioaren inguruko ezagutza eta hausnarketa sustatzea da. Fundazioak liburua herrialdeko ikastetxeetara banatzen lagunduko du, mundubirarekin lotura duen ezagutza zabaltzeko eta gertaera historiko hari buruzko kontakizun propioa ezagutarazteko estrategiaren barruan.