Maialen Akizu, Hendaiako Nekatoeneako idazketa egonaldiaren irabazlea

9 UZT, 2021
2021eko azaroaren 2an hasi eta hilabete batez, autore, bertsolaria eta ikerlaria den Maialen Akizu Bidegain, Hendaiako Nekatoenea egoitzan izango da. Alabaina, Abbadia Eremuko Nekatoenean urtero euskarazko literatura sorkuntza egonaldi bat antolatzen duten Euskal kultur erakundeak, CPEI Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak, bere hautagaitza onartu dute, Elkano Fundazioarekin batera.

Hamaikagarren urtez jarraian, euskal idazle batek parte hartuko du Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten euskarazko literatura sorkuntza egonaldian. Idazketa proiektua behar bezala bururatzeko baldintza onenetan, hiru partaide sortzaileek baliabide ekonomikoak eta logistikoak ekaintzen diote saridunari. Ekimen honen bidez, euskal literatura sorkuntza sustengatu eta bultzatu nahi da.

Iaztik, Getariako Elkano Fundazioak proiektuarekin bat egin du, hiru urterentzat. Horrela, egonaldi hau, Juan Sebatian Elkano euskal esploratzailea eta marinel ospetsua nabarmentzeko aukera izango da berriz ere munduko lehen itzuliaren 500 urtemugaren karietara.

Egitura bakoitzeko ordezkari batekin osatua den epaimahaiak, egonaldia eta horrekin doan dirulaguntza Maialen Akizu Bidegain sortzaileari ematea erabaki zuen aho batez. Sortzez Urretxuarra (Gipuzkoa), 25 urteko autore, bertsolari eta ikerlaria doktoretza egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia Feminista Ikerketa taldean. Bere ikergaiak kulturgintza eta generoari lotutako ikuspegiak dira.

Bere aitzinekoa Nahia Zubeldia bezala 2020an, Maialen Akizu Bidegain hilabete batez egongo da Hendaiako Abbadia Erremuko Nekatoenean, 2021eko azaroaren 2tik 27ra. Ziurgabetasuna, sorpresa eta imajinatu ezinaren inguruan, literatura genero anitz nahasten dituen lan hibrido baten lantzeko xedea du.