Parte hartuko duen taldeak Elkanoren bidaiarekin lotuta dauden gaur egungo gaiei buruz hausnartuko du, noiz eta aurten, COVID-19a munduari buruz dugun ikuskeran inflexio-puntu bat izan den honetan.
Datorren asteazkenean, irailak 9, Magallanes-Elkano Espedizioa hasiko da Getarian, bizikleta-ibilaldi berezi bat, eta hamaika egun geroago, irailaren 19an, Sanlúcar de Barramedatik igarota Sevillara iritsiko da, Euskadiko hasiera-lekutik Andaluziako helmugaraino dauden 1.605 kilometroak egin ostean, duela 500 urte lehen zirkumnabigazioaren historiaren parte izan ziren Gaztela eta Leongo eta Gaztela-Mantxako lurraldeak zeharkatuta.
Elkano Fundazioak eta Andaluziako Jintak elkarlanean garatu dute ekimena; sustatzaileek Basquetourren eta Getariako Udalaren laguntza dute, eta Gaztela eta Leongo eta Gaztela-Mantxako Juntek ere parte hartzen dute. Bestalde, Orbea, Vaude, Negua, Bizibiziki eta Solocanarias enpresak ekimenera batu dira, parte hartuko duen taldeari bizikletak utziz, ekipamendua, lokalizazio-sistemak eta ibilaldiko elikadura.
Hausnarketarako bidea
Elkano Fundazioak iaz sustatutako Getaria-Sevilla bela-itsasaldian bezala, Magallanes-Elkano Espedizioko taldeak ere ibilaldian gogoeta egingo du lehen zirkumnabigazioarekin –globalizazioaren hasiera ekarri zuten gertakarietako batekin, beraz– lotura duten gaur egungo gaiei buruz, noiz eta aurten, COVID-19ak eragindako krisialdi ekonomiko, sozial eta sanitarioak inflexio-puntu bat sortu eta gure gizartea orain arte izan duen mundu-ikuskeraz hausnartzera behartzen duen honetan. Beraz, bizikleta-ibilaldi hau ere hainbat gairi buruzko gogoeta kolektiboa egiteko esparru berdingabe bat da: 500 urte hauetara begira jarrita zirkumnabigazioak izan dituen ondorioak; itsasoaren eta planetaren iraunkortasuna; kultura-aniztasuna; sakrifizioaren balioa; aldaketetara moldatzea.
Esperientzia pilotua
Bestalde, taldeak ibilaldian izandako bizipenetan oinarrituta, historia- eta kultura-ibilbide pilotu bat diseinatuko da –tartean diren lau autonomia-erkidegoek hartuko dute parte ibilaldiaren zehaztapenetan–, lehen mundu-bira jendarteratzeko, baina formatu berrien bidez eta gertatutakoari buruzko hainbat ikuspegi eta kontakizun uztartuz.
Andaluziako hiriburura iritsi, eta ekimena Irailaren 18tik 20ra Sevillan izango den Gizarte Berrikuntzarako Nazioarteko I. Batzarrean aurkeztuko da; batzarrak oso begi onez hartu du proiektua, eta hala, ibilaldian zeharreko lanaren atariko ondorioak hantxe aurkeztuko dira, amaierako saioan. Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek aurreratu duenez, Fundazioak batzarra
Gipuzkoara ekarri nahi luke 2022an.
Irurzunek gaur aurkeztu du Magallanes-Elkano Espedizioa Euskal Itsas Museoan, Donostian, ondoan zituela Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muela eta ibilaldian parte hartuko duen abenturazale eta bidaiazale Josu Iztueta. Ekimen hau Elkano Fundazioaren eta Andaluziako Juntako Turismo Sailaren arteko lankidetza-prozesu estu baten emaitza da. Fundazioa sortu zenetik, izan ere, Andaluziako Turismo Saila beti agertu da prest lehen mundu-biraren V. mendeurrena ospatzen ari garen honetan Euskadiren eta Andaluziaren begiradak eta ikuspegiak elkartu eta proiektu bateratuak sortzeko.
Expedizioko taldekidetak
Josu Iztuetaz gain (Tolosa, 1957), hauek izango dira taldekideak: Nacho Dean (Málaga, 1980), naturalista eta esploratzailea, 2013tik 2016ra bitartean munduari bira eman zion oinez, klima-aldaketa dokumentatzeko; Emilio Martín (Huelva, 1982), duatloian munduko txapeldun bi aldiz, 2012an eta 2015ean; María Pujol (Sevilla, 1982 ) triatleta profesionala; eta Ana Zamorano (Sodupe, 1992), bidaiazale, argazkilari eta bideo dokumentalen egilea. Haiekin batera joango da Elkano Fundazioaren zuzendari Ion Irurzun ere, aztertu nahi diren gaiei buruzko gogoeta gerta dadin beharrezkoak diren espazioak sortzeko asmoz.
Ibilaldian aurrera egin ahala, zenbait etapatan, tokiko erkidegoko beste lagun batzuk gehituko zaizkio taldeari; eta gainera, hainbat lagun elkarrizketatuko dituzte, aztertu nahi diren gaiei buruzko beren bizipenak konta ditzaten, eta hala, prozesua aberastu.
Lau lurralde zeharkatuko dituen ibilbidea
Ibilaldiaren irteera ofiziala datorren asteazkenean izango da, irailak 9, 10:00etan, Getariako frontoian. Parte-hartzaileek egunean 100 kilometro egingo dituzte batez beste, eta irailaren 19an iritsiko dira Sevillara, pedalkadaz pedalkada herri hauek zeharkatuz: Zumaia, Itziar, Deba, Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Erandio, Barakaldo, Bilbo eta Balmaseda, Euskadin; Valle de Mena, Espinosa de los Monteros, Burgos, Palentzia, Valladolid, Simancas, Tordesillas, Medina del Campo eta Ávila, Gaztela eta Leonen; Toledo, Talavera eta Viso del Marqués, Gaztela-Mantxan; eta Linares, Montoro, Kordoba, Palma del Río, Jerez de la Frontera, Cádiz, Sanlúcar de Barrameda eta Sevilla, Andaluzian.
Euskadin zeharreko ibilbideak itsas historian jartzen du azpimarra: batetik, itsasontzietan, eta bestetik, Espezieen uharteetarantz ontziratu zirenen artean euskal jatorrikoak zirenen kopuru izugarrian.
Gaztela eta Leonen eta Gaztela-Mantxan, merkataritza-bideek eta garrantzi historikoko lekuek osatzen dute ibilbidea; tartean dira, esaterako, Tordesillas eta Toledo, Karlos V.aren egoitza inperiala.
Andaluzian, merkataritza-bideekin batera, berriro ere garrantzia dute lehen mundu-bira bihurtu zen espedizioarekin eta Indietako bidearekin lotura zuzena duten lekuek; esaterako, Cádiz, Sanlúcar de Barrameda eta Sevilla.
Ibilaldi guztia dokumentatu egingo da, dibulgazio-dokumental bat egin eta ekimenaren emaitzak gizartearekin partekatu ahal izateko.