Magallaes Itsasartearen esplorazioari buruzko erakusketa Getarian

15 URR, 2020
1520ko urriaren 21a eta azaroaren 28a bitartean, Espezieriako flotak Ozeano Barean sartzea ahalbidetu zien pasabidea aurkitu, esploratu eta zeharkatu zuen. Ordutik aurrera, pasabidea Magallanes itsasartea izenarekin ezagutzen da.

Elkano Fundazioak hilabete haietako kontakizuna jasotzen duen erakusketa prestatu du, egun haien lekuko izan ziren protagonisten hitzetan. Urriaren 21etik azaroaren 28ra bisita daiteke Getariako Kote Ogi Berri okindegian.

 

Sanlucar de Barramedako portutik abiatu zirenetik urtebete baino gehiago nabigatzen egon ondoren, 1520ko urriaren 21ean, Espezieriako flotaren parte izan ziren bost ontziek, Ozeano Atlantikotik Ozeano Barera zeharkatzea ahalbidetuko zien pasabidea aurkitu zuten, ondoren Moluketaraino jarraitu ahal izateko. Ordutik aurrera Magallanes itsasartea bezala ezagutzen den pasabidea zeharkatzeko, espediziokideek hilabete baino gehiagoko bidaia gogorra (azaroaren 28an irten ziren) egin zuten; gainera, itsasontzietako bat, San Antonio, galdu egin zuten, espedizioa utzi zuen eta. 

Efemeride horrekin bat eginez, Elkano Fundazioak erakusketa txiki bat prestatu du, hainbat protagonisten adierazpenak jasotzen dituena; esaterako, Antonio Pigaffetak eta Trinitateko marinel Ginés de Mafraren lekukotzak, baita Maximiliano Transilvano kronistarenak ere – zeinak De Moluccis Insulae argitalpenean Elkanoren, Francisco de Alboren eta Hernando de Bustamanteren adierazpenak jaso zituen.

Itsasartean zehar egin zuten bidaian pertsonen arrastorik ikusi ez zutela kontatu zuten – lurrean su ugari ikusi zituzten gau batean salbu–; baina Patagonia Australeko antzinako herriak, kawésqarrak, aonikenkak edo selk 'nam-ak kasu, itsasartearen inguruan bizi ziren, bertatik baliabideak eta elikagaiak lortuz.

Erakusketa Getariako Kote Ogi Berri okindegian egongo da ikusgai (Elkano kalea, 7), urriaren 21etik azaroaren 28ra arte.