Lurra.

28 ABE, 2022
2018 urtean, Elkano eta mundubiraren inguruko lanketari ekin genionean, jakin bagenekien 2022an portura iritsi behar ginela.

Iraganera espedizio bat balitz moduan hartu genuen erronka, eta horri aurre egiteko gure begirada prestatu behar genuela argi genuen. Izan ere, orain 500 urteko logika eta gaurkoaren arteko distantziaren konzientzia hartzea ezinbestekoa zen, garai hartan gertatutakoa ulertu eta hortik gaurko gizartearentzat ikasketak sortzeko. 

 

Elkanok eta besteek, izarrak izan zituzten gidari; eta bodegak espezieez betetzea helburu. Gure iparra hausnarketarako espazioak sortzea izan da; eta helmuga, helmugarik bada honetan, etorkizunerako erabilgarrian izan daitezkeen ikasketak egitea. Izan ere, atzera begiratze horrek aurrera egiteko balioko digula uste dugu, hortik iragana eta oraina lotzen dituzten hariak zein diren deskubritzeko saiakera. Baita hari horiekin ehundu diren, eta ehuntzeke dauden, errelato historikoen inguruko gogoeta ere.

 

Mundubiraren uberan, azken batez, bidean topatu ditugun guztiak, aldekoak zein kontrakoak, ikasketarako erabili nahi izan ditugu. Begirada ireki, barne kontraesanak onartu, gogoeta egin. Horixe izan da gure jarrera amaitzear dagoen espedizio honetan, iraganari begiratzeak dituen zailtasunei aurre egin nahian.

 

Bidelagun, agur esateko ordua iritsi zaigu. Pozik goaz, ezagutza berria sortzeko lan zintzoa bultzatu eta, erantzunak baino, galdera berriak utzi dizkizuegulako mahai gainean. Etengabeko kuestionamendua baita gizarte aberatsagoa izateko modua, aurrera egiteko bidea.

 

Eskerrik asko zu ere gure espedizio honen parte izan zarelako. Mundubiraren bidaia ahalegin kolektiboaren emaitza izan zen moduan, Fundazioaren ibilbide hau ere hala izan da, eta ekarpenik egin badu, bidelagun izan zaituztegun persona, eragile eta erakundeen eskuzabaltasunari esker izan da.

 

Berriro itsasoratu arte, beraz.

 

Elkano Fundazioko lantaldea.