Lehorreratzeaz hausnartzeko parte-hartze prozesua martxan da Getarian

17 IRA, 2021
 Datorren urtean, Elkanok munduari bira eman ziola 500 urte beteko dira, eta 100 urte getariarrek lehorreratzearen lehen irudikapena egin zuenetik.

Hori buruan, Lehorreratzearen inguruan hausnartzeko parte-hartze prozesua aurkeztu  du Getariako Udalak, ekitaldi publikoan. 

2022an lehen mundubiraren 500 urteak beteko dira eta ehun urte Getarian lehen Lehorreratzea egin zenetik. Horren harira, irudikapen honen inguruko elkarrizketa, hausnarketa eta parte hartze prozesua abiatu du Getariako Udalak, etorkizunean herritarrek zer nolako ekitaldia egin nahi duten jakiteko.

Haritz Alberdi Getariako alkateak, Aitor Urresti zinegotziak, Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendariak eta prozesua erraztuko duen Prometea talde teknikoko Zorione Airbek azaldu zituzten atzo prozesuaren arrazoi eta xehetasunak, getariarren aurrean.  Beñat Aristi de la Hoz aktoreak –Juan Sebastian Elkanoren larruan– eta Kresala dantza taldeak – 'Amoria & Dolorea. Elkano lehen mundubira' ikuskizunaren zertzelada batzuekin– hartu zuten parte baita ere. 

1922. urteaz geroztik Elkanoren lehorreratzea antzezteko lan egin duten getariar asko eta askoren dedikazioa aitortu zuten ekitaldian; herritarren ahalegina, ilusioa eta ekarpena berariaz aintzakotzat hartzea baita Getariako Udalak hasi berri duen parte hartze prozesu horren abiapuntua.  

Bere agerraldian, herritarren arteko elkarrizketaren beharra azpimarratu zuen alkateak: “Beharrezkoa da lehorreratzea bezalako herri ondarea nola bizi dugun partekatzeko, baina, batik bat, beharrezkoa da etorkizuna nola irudikatzen dugun adosteko”. Lehorreratzearen irudikapena “gaurko bizitzeko eretatik, gaur egungo betaurrekoekin eta momentuko kodeetatik” behatu eta antolatu beharra gaineratu zuen. 

Bideoa: Txikota komunikazioa.

 

Prozesuaren xehetasuna

Herri elkarrizketa prozesuan parte hartzeko aukerak ere azaldu zituzten ekitaldian. Saio eta bide desberdinak aktibatuko dira: 

- Lau saio profil espezifikoetara zuzenduta daude: nerabeak, gazteak, ekintzaileak eta emakumeak. Bi orduko saio bakarra egingo da talde bakoitzarekin.

- Bi gune orokor ere izango dira, getariar guztiei irekiak: mintzodromoa eta galdetegia.

- Prozesuaren bihotza izango den talde eragilea ere osatuko da. 20 bat lagunek osatutako talde honek irailetik abendura bitarteko lau saio izango ditu.

 

Taldeetan parte hartzeko, zein argibide gehiago jasotzeko, honako bideak jarri ditu Udalak: elkano500@getaria.eus helbide elektronikoa eta 943 14 09 57 telefonoa.