Getariako itsasgizonaren zirkumnabigazioarekin amaitu zen Magallanes-Elkano espedizioaren 500. urteurrena ospatzen den honetan, Juan Sebastian Elkanok eta munduaren inguruko lehen itzuliak beren lekua izango dute UPV/EHUren Uda Ikastaroen XXXVIII. edizioaren programan.
Elkano 500 Fundazioak sustatuta, “Elkano eta munduaren inguruko lehen itzulia: 500 urte geroago” ikastaroak gertaera haiek berrikusi eta eguneratzea proposatzen du; eta bereziki, euskaldunek tripulatzaile, espedizioaren antolatzaile eta ontzi egile gisa izan zuten eginkizuna azpimarratu nahi da.
Hizlarien artean historialari hauek parte hartuko dute: Pablo Pérez-Mallaína (Sevillako Unibertsitatea), Daniel Zulaika (Elkano 500 Fundazioko aholkularitza kontseilua), Xabier Alberdi ( Euskal Itsas Museoa) eta Alvaro Aragón (UPV /EHU).
Pérez-Mallaínak XVI. mende hasierako naoetan bizimodua nolakoa zen aztertuko du; Zulaika berriz, munduaren inguruko lehen itzuli hartan euskaldunek izan zuten eginkizunari buruz arituko da; Xabier Alberdik garaiko ontzigintzari eta Victoria naoari buruz hitz egingo du, 1522ko irailaren 6an Sanlucar de Barramedara iritsi zen ontzi bakarra, nahiz eta hiru urte lehenago bost ontzi izan ziren espezien bila Moluketara iristeko bide alternatibo baten bila irten zirenak. EHUko hostorialari eta irakaslea den Alvaro Aragonek, “Euskal Herria itsastarra” lehen mundubiraren testuinguruan kokatuko du, Elkanoren garaiko gizartea, bizimoduak edo eta ekonomia zelakoa zen azaduz.
Horrez gain, Amaia Rojok (UPV/EHU), Jose Maria Larramendik (Elkano 500 Fundazioko Kontseilu Aholkularia) eta Ricardo Ramonek (Dibulitoon) “munduaren inguruko lehen itzulia kontatzeko beste era batzuk” mahainguruan parte hartuko dute.
Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko kide Daniel Zulaika eta entitateko zuzendari Ion Irurzun dira ikastaroko zuzendariak.