Asteburua baino lehen, lehen mundubiran euskaldunek izandako parte hartzea bultzatu zuen testuinguru historikoan sakondu nahi duen aste dibulgatzailea antolatu dute.
Lehen mundubira bilakatuko zen espedizioa 1519ko irailaren 20an itsasoratu zen Sanlúcar de Barramedan. Datorren irailean, efemeride horren 500. urteurrena baino egun gutxi batzuk lehenago, getariarrek gertakari hori gogoratuko dute, baita Juan Sebastian Elkano ere, hiru urte geroago, beste hamazazpi tripulatzailerekin batera, Victoria ontzian itzuli zen Getariako itsasgizona –eta hilabete batzuk geroago Cabo Verdetik heldu ziren beste hamabiak.
Horretarako Elkanoren itsasoratzea jaialdia antolatzen ari dira, elkarlanean, Getariako Udala, Elkano 500 Fundazioa, herritarrak eta herriko eragileak. Jaialdia parte-hartzailea, ludikoa eta dibulgatzailea izango da. Gainera, 2022 artean, jarraipena izango duen ekimen zabalago baten lehen ekintza izango da. Izan ere, Udalak, Fundazioak eta getariarrek Mundubiraren ubera lelopean “iraganaz hausnartu nahi dugu, begirada ireki batekin, oraina ulertzeko abiapuntu bezala”, Getariako alkate Haritz Alberdik prentsaurrekoan adierazi duenez.
Elkanoren itsasoratzea irailaren 14 eta 15eko asteburuan ospatuko da eta publiko desberdinei zuzendutako egitaraua izango du. Besteak beste, jolasak, tailerrak eta musika egongo dira haur eta gazteentzat, sukaldaritza lehiaketa eta herri bazkaria, eta erakusleiho lehiaketa. Baita itsasoratze sinboliko bat ere, mundubiraren espedizioan parte hartu zuten euskal herrietako ontzien parte-hartzearekin. Aurreko egunetan hitzaldiak eta solasaldiak egongo dira, eta baita behaketa astronomiko bat ere San Antonen (Getariako arratoia). Edukietan, jarduera guztiek lehen mundubirari keinua egingo diote.
Alkatearekin batera, Elkano 500 Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek eta herriko eragile Maialen Gerekak aurkeztu dute gaur goizean, Getariako portuan, Elkanoren itsasoratzea.
Mundubiraren ubera, iragana begirada irekiaz aztertzeko
Haritz Alberdi alkateak adierazi du jaialdi hau Mundubiraren ubera lelopean eta ikuspegi amankomun batekin Getarian antolatuko den egitarau zabalago baten lehen urratsa dela. “Mundubira jakin-minez begiratu nahi dugu”, ziurtatu du alkateak. “Iraganarekin ados edo kontra egon gaitezke, eroso edo deseroso senti gaitezke, baina hortik haratago, iraganaz hausnartzeko aukera emango digun begirada irekia izan behar dugu oraina ulertzeko abiapuntu bezala”.
Elkano 500 Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek gogoratu du mundubira egitasmo kolektiboa izan zela eta, hura bezala, Elkanoren Itsasoratzearen antolaketa-lanak “desberdinen arteko interakzioaren emaitza” direla. Elkarlanari esker, “Getariako bizilagunek nahi dutenari erantzuten dion egitaraua sortu dugu, haiek izan baitira proposamenak egin dituztenak, edukiak onartu eta antolaketaz arduratzen ari direnak”. Fundazioaren lana izan da jarduera guztiak mundubira eta Elkanoren garaiko testuinguru historikoaren ezagutza zabaltzeko baliagarriak izatea, eta sare lana erraztea, prozesua zainduz.
Itsasoratze sinbolikoa eta partekatua
Maialen Gerekak azaldu ditu publiko guztiak kontuan hartu dituen egitarauaren lerro orokorrak. Guztiak doakoak izango dira eta Elkano gogoratzeaz gain, “historian zehar itsasora joan diren milaka euskaldunak ere gogoratu nahi ditu”.
Gerekak esan du asteburuko ekintza nagusia “Getariatik egingo dugun itsasoratze sinbolikoa” dela. “Mundubira bilakatu zen espedizioarekin harremana izan zuten herriak ordezkatuko dituzten ontziak gurekin egotea nahi genuke”, gaineratu du. Esate baterako Ondarroa eta Lekeitiokoak –ziurrenik, Victoria eta Trinidad ontziak bertatik atera ziren–, edo Bermeokoak –nabigatzaile gehien jarri zituen euskal herria, zazpi –.
Egitarauak adin guztietako publikoak hartu ditu kontuan. Horrela, haurrentzat ginkana eta tailerrak egongo dira, ur-jolasak eta kontzertuak gazteentzat, edota sukaldaritza lehiaketa eta herri bazkaria. Honek arroza eta espeziak izango ditu protagonista –arroza eskifaiaren oinarrizko elikagaia izan zen, espeziak bidaiaren jatorrizko motibazioa.
Getariako saltokiek erakusleiho lehiaketa egingo dute eta mundubirako herrialde desberdinak bilakatuko dira. Horrela, Sevilla, Tenerife, Brasil, Txile, Argentina, Lapurren uharteak, Filipinak, Molukak edo Cabo Verde topatuko ditugu Getarian.
Asteburua girotzeko, dibulgazio astea ere antolatzen ari dira. Elkano 500 Fundazioaren irizpideekin bat eginez, ikuspegi historikoa eta zientifikoa uztartuko duten hitzaldiak egongo dira. Mundubira perspektiba desberdinetatik aztertzeko asmoz solasaldiak egongo dira ere, filosofia, antropologia, astronomia, medikuntza edota gastronomian adituak diren pertsonen parte hartzearekin.
Behaketa astronomiko bat ere egongo da San Anton mendian (Getariako arratoian), Aranzadiren eskutik. “Izarrei begira nabigatzen zuten XVI. mendeko itsasgizonek eta, GPSaren garaian, hark eskatzen zuen zientzia jakinduriatik zipriztin bat ez bada ere ikasteko aukera izango dugu”, adierazi du Gerekak.