Zazpi idazlek aurkeztuko dituzte Elkano eta lehenengo zirkumnabigazioari buruzko lan-ildoak UPV/EHUko Udako Ikastaroan.
Elkano eta munduaren inguruko lehen bira: 500 urte geroago mintegia Donostiako Miramar jauregian egingo da uztailaren 4an eta 5ean. Programaren helburua da gertakari haiek berrikusi eta egunean jartzea, eta, baita ere, euskaldunek tripulazioko kide, espedizioaren antolatzaile eta ontzi eraikitzaile gisa izan zuten zeregina azpimarratzea. Txosten eta mahai inguruez gain, ikastaroak ahozko komunikazioen atal bat ere izango du; komunikazioak hainbat gairi buruzkoak izango dira, besteak beste emakumearen zeregina Euskal Herriko itsas aldeko inguruneetan XVI. mendean, eskorbutoaren eragina espezietarako armadaren tripulazioaren heriotzetan eta lehenengo zirkumnabigazioak zientzia modernoaren sorreran izan zuen garrantzia.
Emakumearen zeregina Elkanoren garaian.
Miren Aintzane Eguiluz, Nautika eta Itsasontzi-makineriako Goi Eskola Teknikoko graduduna da, eta XVI. mendean Euskal Herriko itsasaldeko inguruneetan emakumeak izan zuen presentzia aztertuko du. Garai hartako gizarteak baztertu egiten zituen beraientzat jarritako mugetatik ateratzera ausartzen ziren emakumeak, eta horregatik emakumeak itsasbazterrean, kostaldean eta portuetan geratu zirela azalduko du; itsas eremuetara zuhurtziaz azaltzen ziren arren, behin eta berriz ikus zitezkeen, zailtasunak zailtasun.
Eskorbutoa munduaren inguruko lehen biran
Javier Almazán mediku tituluduna da Errioxako osasun zerbitzuan, eta Estudio clínico y epidemiologico de la primera circunnavegación a la Tierra izeneko doktore tesiaren egilea da; munduaren inguruko lehen bira burutu zuen espedizio hartan eskorbutoa zerk eragin zuen eta zer eragin izan zuen aztertuko du. Elikadura-nahasmenduak izan ziren heriotza gehien eragin zituztenak (80 kasutatik 66), batez ere elikagai eskasiak, eta bereziki C bitamina eskasiak, hiru eskorbuto agerraldi eragiten baititu.
Nobelagile baten zailtasunak
Enrike Santamariak Un novelista en la primera vuelta al mundo izeneko komunikazioa aurkeztuko du; eta bertan azalduko du Juan Sebastian Elkanori buruz prestatzen ari den bigarren eleberrirako ikerketan, Getariako itsasgizonari buruzko informazio egiaztatua aurkitzeko izan dituen zailtasunak.
Itsasketa ezagutzak
Alberto Rodríguez itsasketa gaien dibulgatzailea eta nabigatzaile aditua da, eta lehen zirkumnabigazioarekin lotura duten hainbat itsasketa alderdiei buruz hitz egingo du, esate baterako erabili ziren itsas tresnei buruz, balizko kartografia eta taula astronomikoei buruz, eta baita ere kokatze-metodoei edo Magallanesek berak Carlos I.ari Moluketako kokapena zela eta, aurkeztutako memorialari buruz.
Munduaren inguruko bira eta zientzia modernoa
Ekai Txapartegi UPV/EHUko Filosofia Fakultateko irakaslea da eta zientzia modernoaren sorrerarako Elkanok burututako bidaiaren garrantzia azalduko du bere komunikazioan. Izan ere, “mundu bolaren” ideia finkatzeaz gain, axiologia zientifiko modernoarentzat arriskuak hartzeak duen balioa finkatu zuen.
Ospatu baino gehiago, hausnartu
Xabier Kerexeta historialaria eta Gordailua-ko (Gipuzkoako Ondare Bilduma Zentroa) etnografoa da. Bere komunikazioan gertakari historikoei buruzko hausnarketa kritikoa egiteko beharraz hitz egingo du, kasu honetan munduaren inguruko lehenengo bira, gertakariak oroitu edo ospatzeaz haratago.
Elkanoren etorrera irudi batean
Elias Salaverria artistaren senide Irene Cardaba eta Urkiri Salaberriak munduaren inguruko itzuliaren laugarren eta bosgarren urteurrenek komunean duten elementu bat aztertuko dute beren mintzaldian: La ofrenda de Elcano margolana, itsasgizona bere tripulazioarekin Sevillan lehorreratzen den unea irudikatzen duen margoa.