José Carlos Ruiz filosofoak emango dio hasiera kontakizun historikoaren eraikuntzari buruzko Elkano Fundazioaren hitzaldi-ziklo berriari

26 URR, 2022
'La identidad como relato' hitzaldia azaroaren 3an izango da, 19:00etan, Donostiako Aquariumean. Sarrera librea da.

 

Bere ibilbidearen azken txanpan, Elkano Fundazioak 'KONTAERA(K): nola, zer eta zertarako', hitzaldi zikloa antolatu du azarorako, kontakizun historikoaren eraikuntzan sakontzeko helburuarekin. Lehenengo hitzaldia Jose Carlos Ruiz filosofoak emango du. Azaroaren 3an, osteguna, izango da Donostiako Aquariumean, 19: 00etan, eta sarrera librea da. Hurrengo topaketak Clara Pretus neurozientzialariarekin eta Joseba Sarrionandia idazlearekin izango dira.

Ziklo berri hau orain dela 500 urte osatu zen munduari egindako lehen bira ospatzeko testuinguruan kokatzen da. Topaketa hauien bidez, Elkano Fundazioak gogoeta eta eztabaida bultzatu nahi ditu, gertakari hari gaur egun nola begiratzen diogun, zer helbururekin, eta gure errealitateak gertakari haiei buruz egiten dugun kontakizun historikoan nola eragiten duen jakiteko.

Jose Carlos Ruiz filosofian doktorea da Kordobako Unibertsitatean, kultura eta pentsamendu kritikoaren filosofian espezializatua. Filofosiari buruzko dibulgaziozko hainbat liburu idatzi ditu eta La ventana de la Cadena Ser irratsaioan 'Más Platón y menos WhatsApp' atalaren arduraduna da.

Bere hitzaldian, 'La identidad como relato',  gizabanakoek eta egungo gizarteak beren nortasuna eraikitzeko dituzten arazoak aztertuko ditu, izan ere, egilearen ustez, gaur egun kontakizuna etorkizunera begira eraikitzen baita, eta ez iraganera.