"Itsasoa zeharkatzeko arriskua hartzen duten jende horiek, gu garaian bezala, mundu hobe baten bila doaz"

21 URT, 2021
Nahia Zubeldiak amaitu berri du Euskal Kultur Erakundeak, CPIE- Euskal itsasbazterra elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Elkano Fundazioak deitutako euskarazko egileentzako literatur egoitza. Sortzaile, musikari eta itzultzaileak Elkano eta itsasoa inspirazio iturri dituen olerki bilduma bat landu du; bertan, itsasoak gaur egun duen aurpegi ilunenetariko bati heltzen dio, errefuxiatuen dramari hain zuzen.

Nahia Zubeldia hilabetez egon da Hendaiako Nekatoenea baserrian, Abbadia inguruan, Euskal Kultur Erakundeak, CPIE- Euskal itsasbazterra elkarteak eta Euskal Idazleen Elkarteak 2020ko maiatzean zabaldutako deialdian hautatua izan ondoren. Munduari lehen itzulia egin ziotenetik 500 urte bete direnean, Elkano Fundazioa ere bidelagun izan da ekimenean.

Elkano abiapuntu hartuta, Zubeldia itsasoari, euskaldunen jakin-minari, mundu ezezagunen bilaketari eta itsasoaren aurpegi desberdinei buruzko poema-bilduma batean aritu da lanean: "ene ametsen ama eta sormenaren bazka izanik ere, bisaia ilunagoak ere baititu itsasoak. Azken urteetan, esperantzaz bete jende anitzen hilobi bilakatu da, eta uretan arrain bezainbat zikin dabil… […] Paradoxa horietan eman nahi nuke arreta, ahal bezainbat ikuspuntutik so eginez".

Euskal Kultur Erakundeak egindako elkarrizketa honetan, sortzaileari eta bere lanari buruz gehiago jakin dezakezu; irakurtzea nahiago baduzu, esteka honetan topatuko elkarrizketa.

Euskal kulturaren lekuko: Nahia Zubeldia from Euskal kultura - Culture basque on Vimeo.


Material guztien copyright-a: © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)