Joseba Urretabizkaia eta Alvaro Bermejo egileek gaur aurkeztu dute 'Las raíces del horizonte – Ortzimugaren sustraiak' lana, Itxaro Borda idazlearekin eta Rafael Zulaika Elkano 500 Fundazioko proiektu-koordinatzailearekin batera. Arte-liburua da, elebiduna, eta Juan Sebastian Elkano nabigatzailearengana eta garai hartako Getariara hurbiltzen gaitu, argazkien eta literaturaren bidez. Xibarit argitaletxeak argitaratu du, eta 500 aleko edizio zaindua da, zenbakitua eta mugatua. Koloretako 90 argazki baino gehiago biltzen ditu. Liburua Donostiako Hontza liburu-dendan dago salgai, baita Getariako Harritarte liburudendan eta herriko estankoa. Salneurria 38,00 €koa da.
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako prentsaurrekoan egileek azaldu dutenez, “Juan Sebastian Elkanoren garrantzi globalari buruzko ikerketa batekin” hasten da lana, “ikuspegi historiko garaikide batetik”, eta “makrotik mikroetara” jarraitzen du. Hala, XVI. mendeko Getarian barneratzen da, eta orduko Sevillara ere gerturatzen da, hango Kontratazio Etxera; izan ere, etxe hartatik espedizio ugaritan parte hartu zuen euskal komunitateak, eragin handia baitzuen garai hartan. Espezien uhartedira Elkanok egin zuen bigarren bidaiaraino jarraitzen du liburuak. Han, Andres Urdaneta gaztearekin topo egin zuen –lehen mundu-bira egin eta 40 urte baino gehiagora, itzulerako bidea ekialdetik egitea lortu zuen Urdanetak–, eta Elkano Ozeano Bareko zeharkaldi horretan hil zen.
Liburuak 90 irudi baino gehiago biltzen ditu. Horietan, kostaldeko herri horretako zenbait txoko erakusteaz gain, berrogei herritarrek Elkano, haren familia eta garai hartako jendea irudikatzen dute. Hala, 1500. urteko Getariara hurbiltzen gaitu lanak. Herriko kaleetan barrena bertako jendearekin ibiliz, garai hartako euskal gizartearen testuingurua azaltzen duen erretratu kolektiboa egiten du lanak.
Rafael Zulaika Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzaileak nabarmendu duenez, “erretratu fotografiko eta literario honek gainditu egiten du bai Elkanoren figura bera eta bai haren jaioterria; erretratu hauek garai oso bati jartzen diote aurpegia. Orduan, Euskal Herriak itsasoan botata zituen sustraiak, eta itsas potentzia garrantzitsua zen, itsasoari lotutako ekonomia batekin, bai kostaldeko herrietan, bai barnealdekoetan. Bi egileen lan honek gure historiako etapa horretan barneratzeko aukera ematen digu, eta, aldi berean, oraindik ere harekin batzen gaituen haria erakusten digu”.
Itxaro Borda Iparraldeko idazleak eta Ramón Tamames Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kideak egin dute liburuaren hitzaurrea. Bordak liburuaren aurkezpenean ere hartu du parte, eta bertan, Elkanok munduari bira ematea ahalbidetu zuen testuinguru sozial, kultural eta ekonomikoari erreferentzia eginez, nabarmendu du “abentura sinple eta indibidualen atzean kemena, maitasuna, jakinduria eta esperientzia kolektiboak” egoten direla.
Elkanorengana eta haren garaira egindako hurbilketa honen aurretik, Urretabizkaia eta Bermejo bikoteak Lope Agirre oñatiar polemikoaren erretratua egin zuen. Etorkizunean Katalina Erausori (ezinenez, moja alfereza) buruzko lan bat ere argitaratuko du Xibarit argitaletxeak, historiako gipuzkoar gailenei eskaini nahi dien trilogiaren barruan.
Aurkezpen irekia Getarian
Gaur ostirala, 19:00etan, liburuaren aurkezpen publikoa egingo dute Urretabizkaiak eta Bermejok Getarian, udaletxeko pleno-aretoan. Han izango dira, gainera, proiektuan parte hartu duten getariar asko. Herritar horiek irudikatu dute Elkanoren garaiko Getariako giza paisaia: arrantzaleak, saregileak, armadoreak, merkatariak eta pertsona anonimoak, bai eta kapitaina bera eta haren ama Katalina Portu ere. Bermejoren esanetan, emakume hura "familiaren arima eta euskarria izan zen, eta enperadoreari eskaera bat eginez hil zen: ez zuen eskatzen semeari inoiz ordaindu gabeko bostehun dukatak emateko, baizik eta munduari lehen bira egitea posible egin zuten haien guztien duintasun pertsonala”.
Lan honek Elkano 500 Fundazioaren eta Getariako Udalaren babesa izan du, bai eta herriko zenbait enpresarena ere, hala nola Maisor Kontserbak, Batela eta Engranajes Juaristi enpresena eta Elkano eta Kaia Kaipe jatetxeena.