Getariako sarreran kokatua dagoen Elkano monumentuaren oroitarria berritu egin du Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Orain arte, 1924 urteko monumentu honetan 1522ko irailaren 6an Juan Sebastian Elkano kapitainarekin Victoria ontzian itzuli ziren 18 marinelen izenak zeuden. Aurrerantzean, ordean, Cabo Verden eta Moluketan preso geratu ziren beste 17 gizonen izenak ere irakurri ahalko dira. Denera, 35 izan baitziren Moluketara espezia bila hiru urte lehenago abiatu zen espediziotik bizirik atera zirenak. Ekimen honen bitartez, bidai hark eskatu zuen desberdinen arteko lankidetza gogoratu nahi izan da baita ere.
Gaur goizean egin dute oroitarri berriaren inaugurazio ekitaldia, Markel Olano diputatu nagusiarekin eta Haritz Alberdi alkatearekin. Bertan izan dira, baita ere, Arkaitz Millán Kultura foru diputatua, Daniel Solana Basquetourreko zuzendaria, zein Elkano Fundazioko lantaldea.
Elkano Fundazioak eskatuta, joan den urtean Guinness World Records-ek eguneratu egin zuen Lurraren inguruko lehen itzuliari buruzko informazioa eta Cabo Verden preso geratutako hamabi gizonak ere sartu zituen munduari lehenbizikoz bira emandako marinelen zerrendan. Karlos V.aren bitartekaritzari esker atera ziren marinel haiek kartzelatik, Elkanok berak hala eskatu baitzion enperadoreari idatzi batean. Hainbar urte geroago, beste 5 heldu ziren, Trinidade ontziko marinelak, Moluketan portugaldarren esku preso egon ondoren.