Aste Santuari begira, eta mundubiraren 500 urteurrenaren testuinguruan, hainbat ekimen bultzatu ditu Getariako Udalak, hala nola bisita gidatu bereziak edota Elkano monumentuaren oroitarriaren berritzea. 'Munduari bostekoa' ekimena ere hortxe kokatzen da: mundubira Getariako txikienen ikuspegitik behatzen duen ekimena da eta jada herriko kaleak apaintzen dituzten banderoleran ikusi daitekeena.
Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik duela 500 urte Elkano getariarraren gidaritzapean gauzatutako mundubiraren inguruko hitzaldiak eman zituen joan den hilabetean Getariako Iturzaeta herri eskolan; ondoren, ikasleek mundubira eta kontinenteak landu zituzten eskolan, eta azkenik herriko kaleak apainduko dituzten banderola eta muralen oinarri izan diren marrazkiak egin zituzten. Kontinente bakoitzak gai bat izan du marrazkietan: Europa eta ontzigintza, Amerika eta Magallaes itsasertzea, Asia eta espeziak, Ozeania eta irlak, Afrika eta bizimoduak.
Lehen mundubiraren 500 urteak betetzen ari direnean, gertatutako hura aztertu, ezagutu eta munduari eskua luzatzeko garaia da. Ekimen honen bitartez, gazteenen ikuspegitik berrikusi da 5 ozeanoak gurutzatu eta 5 kontinenteak ukitu zituen bidaia. Kontinenteak, herrialdeak, herriak eta kulturak harremanetan jarri zituen bidaiak eta, azken finen, pertsonen harteko harreman horiek dira, egun garen hori egin gaituztenak. Hori dela eta, "Munduari bostekoa" aukeratu da kanpainaren lelo bezala eta horixe da Getariako haurren marrazkiak laguntzen dituen leloa.
Txikota Komunikazioak eta Xabier Isasti diseinatzaile grafikoak landu eta dokumentatu dute banderolak sortzeko lan eta diseinu prozesua.