Ion Irurzun zuzendariarekin eta Alaia Berriozabal proiektu-teknikariarekin batera, Zulaikaren egitekoa izango da lehen mundubira ospatzeko egingo diren ekimenak bultzatzea.
Hamaika urtean Baionako Euskal Museoko zuzendaria izan eta gero, Rafael Zulaikak Ion Irurzun zuzendariarekin eta Alaia Berriozabal proiektu-teknikariarekin batera, 2019 eta 2022 urteen artean munduaren inguruan emandako lehen bira ospatzeko egingo diren ekimenak bultzatzeaz aduratuko den lantaldea osatuko du. Erronka “erakargarria” izateaz gain, bere ibilbide eta historiaren ikuspegiarekin bat datorren proiektua dela adierazi du, izan ere Fundazioaren helburua da “historia abiapuntutzat hartzea gure etorkizuna irudikatu eta lantzeko”.
Rafael Zulaika (Donostia, 1962) Baionako Euskal Museoko zuzendaria izan da 2007. urtetik joan den abendura arte, eta Fundazioko lantaldean sartu zen urtarrilaren 2an. 1993 eta 2003 urteen artean Donostiako San Telmo museoko zuzendaria izan zen. Artearen Historian lizentziaduna, bere ibilbide profesionalean Bilboko Arte Ederretako Museoan egin du lan eta baita ere Donostiako Untzi Museoan. Horrez gain, esperientzia egiaztatua du mugaz gaindiko eta eskualdearteko lankidetzaren eremuan.
Alaia Berriozabal proiektu-teknikaria berriz, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da eta Giza Garapen Iraunkorrari lotutako formakuntza eta esperientzia profesionala ditu.
Elkarlanean
2019 eta 2022 urteen artean tokiko eta nazioarteko eragileekin gogor lan egindo du Fundazioak, lankidetza estuan, egungo gizartearen erronkei erantzuna emateko Elkanoren eta zirkumnabigazioaren azterketatik eratorritako jakintza berria oinarri hartuta; gertakari historiko hark gizartea eraldatu zuen, eta Elkano izan zen protagonista nagusietako bat.
Zuzendaritza taldearekin batera, Elkano Fundazioak aholkularitza batzordea ere badu, lortu nahi diren helburuekin bat datozen proposamenak egitea xede duena; horrez gain batzorde zientifikoa ere osatzen ari da, eduki akademikoak arautzeko.