Euskara mundubiran hitzaldia antolatu dute Elkano Fundazioak eta Getariako Udalak

28 AZA, 2019
Hitzaldia Euskararen Nazioarteko Egunean eskainiko du Miren Egaña hizkuntzalariak Getarian, Euskara mundubiran: Kanadara joateko euskaraz jakin behar da izenburupean.

Euskarak Kanadako leku-izenetan utzi dituen aztarnen inguruan arituko da. Aurkezle lanean Martxelo Otamendi kazetaria arituko da.

Datorren abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskara mundubiran: Kanadara joateko euskaraz jakin behar da hitzaldia antolatu dute Elkano Fundazioak eta Getariako Udalak. Hitzaldia, Miren Egaña irakasle, hizkuntzalari eta etnografoak eskainiko du eta euskarak Kanadako leku-izenetan utzi dituen aztarnen inguruan arituko da. Hitzordua 19:00etan izango da, Getariako herriko eskolako zine aretoan. Sarrera librea da, lekuak agortu arte. Aurkezle lanean Martxelo Otamendi kazetaria arituko da.

Elkano 500 Fundazioak eta Getariako Udalak, lehen mundubiraren 500 urteak betetzen direnean, begirada ireki batekin iraganaz hausnartzeko eta ikasteko egitasmoa bultzatzen ari dira, Mundubiraren ubera lelopean, eta bertan kokatzen da hitzaldiaren antolaketa.

 

Izan ere, garai hartako gizartea eta Euskal Herria itsastarraren ezagutza zabaltzea dute helburu eta, zentzu horretan, hizkuntza da gizarte bat bereizten duen ezaugarri nabarmenetako bat, kulturaren oinarria lantzeko osagai nagusienetako bat.

XVI. mendeko espedizioetan itsasoratu ziren marinelak bere jantzi, jaki edota musika tresnekin ontziratu ziren, baita bere ohitura, sinesmen eta hizkuntzekin ere. Horrela, 1519an Elkanorekin batera itsasoratu ziren 31 marinel euskaldunen eskutik euskara ere mundubiran abiatu zen. Eta horiek bezala, aurreko eta ondorengo urteetan abiatuko ziren euskal baleazaleekin, bakailao arrantzaleekin edota nabigatzaileekin.


Kanadako Ternua eta Labradorreko kostaldeetako leku-izenetan euskarak utzi dituen aztarnak ikertu ditu Miren Egaña Goya (Donostia, 1946) filologoa, institutuko katedradun ohia eta Aranzadi elkarteko kideak. Hamarkadak eman ditu euskal arrantzale eta balezaleek utzitako aztarnak ikertzen Ipar Ekialdeko Amerikan, europar historiagile garaikideek zein euskaldunek beraiek idatzitakoa aztertuz. Horretarako itsas-gida liburuak aztertu ditu, baita lurralde haietako ezagutzen diren mapa gehienak ere. 1985an Labradorrera egindako lehen euskal espedizioan parte hartu zuen.

Egañaren hitzaldiak jarraipena izango du, izan ere euskaraz gain badaude eta ezagutu beharreko beste elementu kultural batzuk, baita beste kultura batzuk ezagutzeko beharra ere. Horrela, besteak beste, mundubirari lotura Txileko ahotsa entzuteko egitasmoa lantzen ari da Fundazioa urtarrilerako.