Euskaldunek lehen mundubiran egindako ekarpena aitortu du Guinness World Records-ek, eta handitu egin du lehen zirkumnabigatzaileen zerrenda

13 URR, 2020
Elkanoren eta munduari bira eman zioten beste bost itsasgizonen euskal jatorria aitortu izanarekin oso pozik dago Elkano 500 Fundazioa.

Guinness World Records-ek eguneratu egin du Lurraren inguruko lehen itzuliari buruzko informazioa, Juan Sebastian Elkano kapitaina eta munduari lehen aldiz bira eman zioten beste bost marinelen euskal jatorria aitortuta. Era berean, Cabo Verden preso geratutako gizonak ere sartu ditu munduari lehenbizikoz bira emandako marinelen zerrendan, eta, hala, aitortu du lehen mundu-bira osatu zuten gizonak ez zirela hemezortzi izan, baizik eta hogeita hamaika. Edukien eguneratze hori erakunde horren webgunean jasota dago, bai eta 2021eko edizio idatzian ere, eta Elkano Fundazioaren lankidetzari esker lortu ahal izan da.

Fundazioaren iritziz, Ginness World Records-en egindako eguneratze horren bidez, lehen mundu-biraren faktore garrantzitsu bat aitortu da: faktore kolektiboa; izan ere, proiektu hark hainbat herrialde, kultura, hizkuntza, sinesmen eta klase sozialetako jendea batu zuen, eta espedizio hartan parte hartutako guztien elkarlanari eta ahaleginari esker burutu ahal izan zen. Espezien uharteetara abiatutako ontzietan, gaztelau eta portugaldarrekin batera, frantsesak, ingelesak, italiarrak, alemanak eta greziarrak ere bazeuden. Euskaldunek kolektibo gisa oso ekarpen garrantzitsua eta nabarmena egin zuten: hogeita bi nabigatzaile bizkaitarrak ziren, bederatzi gipuzkoarrak, eta hiru nafarrak; hiru itsasontzi –horien artean Victoria ontzia– euskaldunak ziren; espedizioaren antolakuntzan eta hornikuntzan parte hartu zuten; eta itsas tradizio handia zuten. Hori dela eta, balentria haren 500. urteurrena bete den honetan Guiness World Records-en hari buruzko informazioa eguneratu izana oso pozgarria da Elkano Fundazioarentzat.

Errekorren erregistroei buruzko webgunean, ingelesezko edizioan, jaso da Getariako marinela euskalduna zela –eta abizenaren euskal grafia ere onartzen da, Elkano alegia–; era berean, beste bost nabigatzaile ere euskaldunak zirela aitortu da: Juan Akurio kontramaisua, Juan Arratia marinela, Juan Zubileta morroia, Pedro Tolosa –itsasmutil hasi eta despentsari bihurtu zena– eta Pedro Txindarza morroia edo txoa. 

Azken biak, hurrenez hurren Tolosan eta Bermeon jaioak, lehen aldiz ageri dira Guinness liburuan, Fundazioari esker. Izan ere, Cabo Verden preso egon ondoren 1522ko abenduan –Victoria ontzia iritsi eta hiru hilabetera– Gaztelara itzulitako hamabi marinelei buruzko informazioa ere sartzeko eskatu zuen Fundazioak. Karlos V.aren bitartekaritzari esker atera ziren marinel haiek kartzelatik, Elkanok berak hala eskatu baitzion enperadoreari idatzi batean.

Azkenik, informazio eguneratu horretan aipatzen denez, geografiaren ikuspegitik, Lurraren inguruan egindako lehen itzuli hura Cabo Verden burutu zen. Izan ere, Tenerifen geldialdi bat egin ostean, espedizioa Cabo Verdeko uharteen parean igaro zen, hegoalderantz, 1519ko urriko lehen egunetan, Atlantikoa zeharkatu aurretik; eta 1522ko uztailaren 2an, penintsulara itzuli baino bi hilabete lehenago, Victoria ontziak Santiago uhartean geratu behar izan zuen elikagaiez hornitzeko, nahiz eta portugaldarren kolonia izan eta, beraz, espedizioko kideentzako debekatutako lurraldea izan.