Denis Itxaso Kultura diputatuak, Xabier Alberdi eta Mariana Rotaeche Euskal Itsas Museoko zuzendari eta koordinatzaileekin batera, erakusketa aurkeztu du gaur.
Duela 500 urte Juan Sebastian de Elkanoren espedizioa izan zen munduari bira ematen lehena. Victoria ontzia, gipuzkoarra buru zuela, iritsi zen bakarra izan zen Molukas uharteetarako –espezie preziatuenen iturri–, bide berri baten bila abiatu ziren bost ontzietatik. Balentria handi hori Euskal Herriko ezagutza nautikoen eta itsas teknologiaren uztartzeari esker egin ahal izan zen, zeinak mende bat lehenagotik nagusi baitziren Europako mendebaldeko itsas ibilbide nagusietan. "Elkano. Lehenengo Mundu Bira» erakusketak aldarrikatzen du lehen inguratzea Elkanoren ekimenari esker eta hark zituen ezagutza nautikoei esker burutu ahal izan zela.
Erakusketak gizateriaren historiako gertakari garrantzitsu horren berrikuspena egiten du, beste ikuspegi batetik, Xabier Alberdi museoko zuzendariak egindako ikerketei esker eta erakusketa honetarako erabili eta sortutako baliabideei esker (ikus-entzunezko interaktiboak, besteak beste). Erakusketak arreta berezia jartzen du honako alderdi hauetan: testuinguru historikoa eta bidaiaren kontakizuna; espedizioaren antolakuntza, izen propioak zituzten euskaldunen parte-hartze zabala azpimarratuz: administratzaileak, armadoreak, merkatariak eta nabigatzaileak; eta Elkanoren legatua, zientifikoa zein ondarezkoa.
Gai horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumetako eta San Telmo Museoko Gordailutik ekarritako obrei eta piezei esker ilustratzen dira: nabarmentzekoak dira Santiago de Zuloagak, Elias Salaverríak eta Pablo Urangak egindako olioak, duela 100 urte Gipuzkoako Aldundiak IV. Mendeurrena dela eta eskatutakoak. Elias Salaverríaren "la ofrenda de Elcano" koadroa ikusgai dago erakusketa honetarako Gordailuko instalazioetako adituek egindako zaharberritze prozesuaren ondoren. Nabarmendutako beste piezetako bat 1475eko botozko taula da, Zumaiako parrokiatik datorrena, eta garai hartako naoak nolakoak ziren jakiteko lehen mailako lana dena. Getariako Udala, Euskadiko Artxibo Historikoa eta Gipuzkoako Artxibo Nagusia dira obra eskaintzen duten beste erakunde batzuk.
Artelanak ez ezik, hainbat objektu ere ikusi ahal izango dira erakusketan, hala nola duela 500 urte espedizioan ontziratu zirenak: armak, lan tresnak, sukaldeko tresnak, musika tresnak, arrantza tresnak... horiek guztiek espedizioa egiteko erabili zituzten tresnak ikusteko aukera emango diote bisitariari.
Erakusketa bizia
Erakusketaren egitarauak hainbat ekimen bilduko ditu hilero: bisita gidatuak, tematikoak eta antzeztuak; espezialistekin topaketa irekiak, espedizioarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko gogoeta sustatzeko (astronomia, kartografia, nabigazioa, musika …); familia-tailerrak; hitzaldiak eta elkarrizketak "XXI. mendeko elkanoekin"... Azken horretan, mundu bira egin duten pertsonekin hitz egingo dute, ibilbide berriak irekitzea edo orain arte inoiz lortu ez diren helburuak lortzea lortu dutenekin, hala nola Julio Villar bidaiari, idazle eta alpinista donostiarrarekin, Pou anaiak eskalatzaile eta alpinistekin eta Ane Miren Miralles nabigatzailearekin.
Familiak museora gerturatzeko asmoz, "Elkano. Lehenengo Mundu Bira" erakusketaren inguruan, familia tailerrak antolatuko dira abendutik maiatzera zenbait larunbat arratsaldetan.
Gainera, bisita librea etxeko txikienei egokitzen zaie. Izan ere, 6 eta 12 urte bitarteko bisitariek koaderno bat izango dute eskuragarri, doan, "Elkano. Lehenengo Mundu Bira» erakusketan egingo duten bisitan bete beharko dutena.