Euskal Herria itsastarraren iragana eta oraina, Ander Izagirreren liburu berriaren ardatza

26 IRA, 2022
‘Vuelta al país de Elkano’ liburuak Elkano Fundazioaren Euskal Herri Barneko mundubira proiektuan du abiapuntua, eta bidai kronika eta kontakizun historikoa tartekatzen ditu. Libros del K.O argitaletxeak argitaratua da, eta gaur jarriko da salgai. 

2021eko irailean, Josu Iztueta, Ane Miren Miralles, Naila Jornet, Garbiñe Mendizabal, Ander Izagirre eta Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzun bizikletaz abiatu ziren Getariatik, bederatzi egunez 750 kilometro egiteko eta pedalkadaz pedalkada Euskal Herriko hainbat herri lotzeko; eta herri haiek hautatu zituzten, duela 500 urte munduari emandako lehen birarekin nolabaiteko lotura izan zutelako, bai eta garai hartako beste esplorazio-bidaia batzuekin ere, eta guztiek dutelako itsasoarekin lotutako ondarea.  

Euskal Herria Itsastarrean zehar egindako bidaia haren ibilbidea abiapuntu bezala hartuz, Ander Izagirre kazetari eta idazleak Vuelta al país de Elkano (Libros del K.O argitaletxea) liburuan bira geografiko, historiko eta mentala egin du Euskal Herrian zehar.

Izagirrek Euskadiko Literatura Saria jaso zuen 2017an, eta Erreportaje Literarioentzako Ryszard Kapuscinski Saria 2022an, besteak beste. Euskal Herria itsastarraren iraganean eta orainean barrena egindako bidaia horren 400 orrialdeetan, nahasi egin ditu bidaien kronika, abenturen narrazioa, azalpen historikoa eta saiakera, munduari emandako lehen biran parte hartu zuen gizarte haren eta egungoaren arteko kontrasteak eta antzekotasunak erakusteko. 

Vuelta al país de Elkano liburuan duela mende askotako pertsonaiak aurkituko ditu irakurleak (munduari lehen bira eman zioten itsasgizonak, kapitain baleazaleak, esklabo afrikarrak, euskal esklabistak, txokolatea ekarri zuten juduak), bai eta gaur egungo pertsonak ere, hala nola Mertxe Urteaga arkeologoa, Moussa Thior arrantzalea, Xabier Agote itsasgizona, Romeo eta Moussa Sylla migratzaileak, Itxaro Borda idazlea, Andoni Luis Aduriz sukaldaria, José Ángel Iribar atezaina, Isabel Castillo sardina-saltzailea, Xabier Alberdi historialaria eta @Artikoan nabigatzaile ozeanografoa. Euskal Herriaren iraganera egindako bidaiaren ondoren, hauxe dio idazleak: “irudi batean sinplifikatu behar badira, euskaldunak ez ziren izan, egia esan, nekazari bakartuen herri bat, nabigatzaile promiskuoen herria baizik”.

Izagirrek, eduki sozial nabarmena duten nazioarteko bidaia-kroniken eta erreportajeen egile honek, etxetik gertu lan egin du oraingoan: “Neure herrian murgiltzea izan da, bidaia zirraragarria, harrigarria eta dibertigarria. Duela bostehun urteko euskal gizartearen oihartzunak entzun ditut; gizarte hura uste duguna baino askoz konplexuagoa, irekiagoa eta nahasiagoa zen, eta bazituen bere kezkak eta bilaketak, bere argiak eta odolak. Eta gizarte haren oihartzun horiek egungo ahotsekin nahasi ditut, gaur egungo bidaiarien istorioekin: esploratzaile zientifikoen istorioekin, nabigatzaileen, poeten eta migratzaileen istorioekin, eta begiratzen, bilatzen, esploratzen, kulturak nahasten, gatazkak gainditzen eta mundura irteten jarraitzen duen jendearen istorioekin”.

Elkano Fundaziotik, Ion Irurzun zuzendariak azpimarratu du liburu hau gehitu behar zaiela “Fundazioak bultzatu dituen beste hainbat izenbururi, bai eta antzerki, musika, haur-ipuin eta bestelako kultur ekimenei ere. Horien bidez, munduari emandako lehen biraren historia ez ezik, gure herriaren garai oso baten berri ere zabaldu nahi izan dugu, itsasoa funtsezko elementua eta nortasun-ezaugarria zuen garai haren berri, eta, horrez gain,  hartatik guztitik zer geratzen ote zaigun hausnartzera ere bultzatu nahi izan dugu”. 


Aurkezpena Donostian eta Tolosan


Ander Izagirrek berak aurkeztuko du, Maddalen Marzolekin batera, Vuelta al país de Elkano liburua, asteazkenean, irailaren 28an, Donostian. Aurkezpena 19:00etan izango da, Ernest Lluch kultur etxean.  Urriaren 4an, gainera, Tolosako Topic aretoan aurkeztuko da, 19:00etan. Oraingo honetan, Izagirrek Josu Iztueta izango du lagun, Euskal Herri barneko mundubirako taldeko kide izandako tolosar bidaiaria.