Euskal Barrokensemblek CD-liburu bikoitza aurkeztu du Elkano eta euskal nabigazioa ardatz hartuta

24 EKA, 2019
Ikerketa lan nekeza egin dute Getariako itsasgizonaren garaiko kultura eta euskal nabigazioaren historian sakonduz. 

Lehen zirkumnabigazioarekin eta XVI. mendeko nabigazioarekin lotura duten herrialdeetako artistek parte hartu dute lan honetan, baita Donostiako Orfeoi Gazte eta Txikiko ahotsek ere.

Juan Sebastián Elkano: el primer viaje alrededor del mundo  da Enrike Solinis guitarra-jotzaileak zuzentzen duen Euskal Barrokensemble  aintzako musika-taldeak sortu duen lan berriaren izenburua. CD-liburu bikoitza da eta Jordi Savall-en Alia Vox zigiluak argitaratu du nazioartean; Jordi Savall viola da gamba jotzaile ospetsua da, orkestra zuzendaria eta ikonoa musikaren munduan. Diskoak musika-ibilbidea egiten du Elkanoren bizitzan, garaian eta zirkumnabigazioan, aitzakia ezin hobea euskal kultura aztertu eta gure ondare artistikoa berreskuratzeko; eta era berean, baliogarria da euskaldunek munduko hainbat kulturekin izan zuten harremana eta horrek gure musiketan utzi duen arrastoa agerian uzteko.

Bi urteko ikerketa lanaren ondoren lana salgai dago eta salmenta-leku nagusietan eskura daiteke, bai saltoki fisikoetan, bai online eta baita nazioarteko plataforma digitaletan ere. Lana gaur goizean aurkeztu da Donostiako Euskal Itsas Museoan, eta prentsaurrekoan izan dira Enrike Solinís, Miren Zeberio biolin-jotzailea, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta Elkano 500 Fundazioko Patronatuko kide Bingen Zupiria eta Fundazioko proiektuen koordinatzaile Rafael Zulaika.

Ekoizpenean 50 artista baino gehiagok parte hartu dute, horien artean Donostiako Orfeoi Gazte eta Txikiko ahotsak. Horiez gain, munduaren inguruko lehen birarekin eta XVI. mendeko nabigazioarekin lotura duten herrialdeetako artistek egin dute beren ekarpena, besteak beste Darlene Gijuminag (MicMac, Kanada), Halldor Mar Stefanson  (Islandia) edo Deta Astari (Indonesia) kantariek; Xabier Amuriza bertsolariak eta Xabier Leturia panderojoleak ere parte hartu dute grabaketan, ahanzturan zeuden musikak euskal kantutegirako berreskuratuz.

Euskal nabigazioaren urrezko aroa

50 konposiziotan Solinís eta Euskal Barrokensemblek euskal nabigazioaren urrezko aroko kantu eta dantzen errepertorioa interpretatzen dute. Taldeak zenbait pieza berregin ditu garaiko melodia eta testuak erabiliz. Errepertorio horren bidez,  Juan Sebastián Elkano: el primer viaje alrededor del mundo lanak hainbat herritako musika eta testu landuak nahiz ahozko tradiziokoak jaso ditu, hala nola Euskal Herria, Gaztela, Andaluzia, Italia, Amerika, Moluka uharteak, Terranova eta Islandiakoak.

CD bikoitzarekin batera doa libreto bat, hainbat hizkuntzetan idatzia –euskara, gaztelania, katalana, frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera-; libretoan jasota daude abestietako letrak, Sevillako Unibertsitateko katedraduna den Pablo E. Perez-Mallaina eta Euskal Itsas Museoko zuzendaria den Xabier Alberdi historialarien testuak testuinguru historikoari buruz, eta baita Antonio Pigaffeta kronikagile veneziarraren -bidaiaren kronika idatzi zuena- eta Juan Sebastian Elkano beraren jatorrizko testuak ere.

Espiritu ireki eta kolektiboa

Kultura sailburu Bingen Zupirian adierazu duenez, Elkano nabigatzaile getariarrak burutu zuen lehenengo mundu biraren bosgarren mendeurrenak "aukera aparta eman digu euskaldun unibertsal hau berreskuratzeko eta ezagutarazteko. Herri honek bazeukan zor hori, eta kitatzen ari gara kulturaren eta ondarearen inguruko zenbait proiektu ederren bitartez. Euskal Barrokensembleren CD-liburu hau horietako bat da. Lan honek legatu bikain bat utziko du eta, horrekin batera, aukera emango digu gure kultura nazioartekotzeko eta gure sortzaileak munduko beste sortzaileekin harremanetan jartzeko”.

Euskal Barrokensembleko kideek nabarmendu dute “musika mugarik gabeko hizkuntza dela, eta historian zehar kultura aniztasuna islatzeko gaitasuna duela”. Beren ustez, Elkanoren eta munduaren inguruko biraren bidez, musika “entzuleengana iritsi eta hunkiarazteko tresna ezin hobea da, eta baita Euskal Herriko historiaren atal horrek merezi duen garrantzia aldarrikatzeko ere, euskal nabigazioaren “urrezko aroa” izan baitzen.

Elkano 500 Fundazioko proiektu-koordinatzaile Rafael Zulaikak Euskal Barrokensembleren izaera kolektiboa eta bokazio integratzailea azpimarratu du, eta horregatik bat dator mundubira burutu zuen espedizioaren espirituarekin, ez baitzen posible izango 238 tripulatzaileen ekarpenik gabe, ezta hainbat herrialderen jakintzarik gabe ere, horien artean Euskal Herria, toki aipagarri batean”.

Juan Sebastián Elkano: el primer viaje alrededor del mundo lanaren aurrekaria da euskal taldeak iaz Kursaal auditoriumean eskaini zuen musika eta dantza ikuskizuna.

Enrike Solinísek Dibulitoon-en Elkano, la primera vuelta al mundo film luzearen soinu bandan ere parte hartu du; filmak Euskal Barrokensembleren lan diskografiko honen pasarteak ditu bere soinu bandan.