Getariako itsasgizonaren inguruko musika proiektu hau hiru denboralditan zehar garatuko da, bat etorriz espedizioak iraun zuen hiru urteekin. Maiatzean izango du jarraipena, Mikel Urquizaren lanaren estreinaldiarekin.
2022. urtera arte munduaren inguruko lehen biraren ospakizunarekin bat egin du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Elkano: Musika Bidelagun proiektuarekin. Mikel Chamizoren Navigare necesse est lana da, eta Euskadiko Sinfonikaren denboraldiko “Expectativa” lehen programan txertatu da. Aipatu lanaren ardatzak dira bidaia eta jakin-mina, bidaiak berak sorrarazten duen zirrara eta beldurra.
Magallanes-Elkano espedizioari buruzko Chamizoren lana Gasteizen estreinatu zen, eta Donostia, Bilbo nahiz Iruñan ere interpretatu da. Bilboko Koral Elkarteak eta Mojca Erdmann sopranoak interpretatu dute lana, Euskadiko Orkestrako zuzendari titular Robert Treviñoren zuzendaritzapean; era berean, Treviño da Mundubira: Musika Bidelagun proiektuaren sustatzailea. Getariako itsasgizonari eskainitako musika proiektua hiru denboralditan garatuko da, bat etorriz bidaiak iraun zuen hiru urteekin. Eta horrenbestez, maiatzean Mikel Urquizak bigarren zatia estreinatuko du. Joël Mérah, Teresa Catalan eta Zuriñe F Gerenabarrenak osatuko dute musika zeharkaldia, beraiek berreskuratuko dituzte, hurrenez hurren, Ozeano Barea-Asia, India-Afrika eta itzulerari dagozkien etapak. 2020/21 eta 2021/22 denboraldietan zehar estreinatuko dira.
Bidaiaren hasiera
Chamizorentzat lehenengo mundu bira bihurtu zen espedizio hura “paradigmatikoa da bizitza ulertzeko moduari dagokionez, gaur egun ezinezkoa”. Nola prestatu ziren horrelako balentria baterako? Zer nolako jarrera mentalarekin egiten zieten aurre ezezagunei?”. Musikagileak berak azaldu duenez, Navigare necesse est piezak Magallanes-Elkano espedizioaren hasiera du oinarri, eta hiru zatitan banatua dago: erlijio erritua koruak interpretatua, garai hartan ohitura baitzen denbora luzerako itsasoratu baino lehen; Sanlucar de Barramedako portuaren soinu-paisaiaren alegiazko irudikapena, bertatik abiatu baitziren Atlantiko ozeanora Magallanesen naoak; eta lehenengo nabigazio uneak itsasoan, gizateriaren historiako abentura ikaragarrienetako baterako norabidean”. Koruaren testuak 107. salmotik atera dira; nabigazioari eta itsaso-merkataritzari buruzko txatalak ditu, baita Salve Regina Andre Mariaren ereserkiaren hasiera ere –marinelen gremioaren fedeari oso lotua- latinez, jatorrizko eran, eta euskaraz, XVI. mendeko itzulpena. Horrez gain, Elkanoren garaiko olerkari garrantzitsu Garcilaso de la Vegaren pasarte laburrak abesten dira.
Chamizoren lana kontzertu berezi batean estreinatu zen; programa ezezaguna izan zen amaiera arte, publikoak ez baitzuen esku-programa jaso irteera arte –Elkano: mundubira musika bidelagun hirurteko proiektuaren lehenengo programa entzuteko aukera izango zutela baino ez zekiten-.