'Elkanoren oroitzapena' udako ikastaroko ahozko komunikazioen saiora proposamenak aurkezteko epea luzatu da

20 EKA, 2022
Elkano Fundazioak ekainaren 23ra arte luzatu du proposamenak jasotzeko epea. Parte hartu nahi dutenek info@elkanofundazioa.eus helbidera bidal dezakete hautagaitza.

 

 

Elkano Fundazioak ekainaren 23ra arte luzatu du 'Elkanoren oroitzapena: ondorioak eta galdera berriak' udako ikastaroaren ahozko komunikazioen saioan parte hartzeko proposamenak jasotzeko epea. Ikastaroa uztailaren 7an eta 8an izango da, Donostiako Carlos Santamaria Zentroan, EHUko Udako Ikastaroen programazioaren barruan. Mintegiak munduari lehen bira eman eta 500 urtera zer ospatzen ari den aztertuko du, eta, horren harira, zergatik, nortzuk eta zertarako.

Mahai-inguru eta txostenekin batera, uztailaren 7an ahozko komunikazioen saio bat egingo da. Ikastaroan landuko den gaiaren inguruko lan-ildoak, ikerketa-proiektuak edo esperientziak azaldu nahi dituzten pertsonek parte hartu ahal izango dute. Interesa duten pertsonek Elkano 500 Fundaziora bidali behar dute beren proposamena ekainaren 23a baino lehen, info@elkanofundazioa.eus helbidera, proposameneko 250 hitzeko laburpena barne, euskaraz edo gaztelaniaz, word formatuan, baita datu profesionalak ere (izen-abizenak, lantokia, posta elektronikoaren helbidea eta telefonoa). Deialdiaren xehetasunak orri honetan bertan ikus daitezke erantsitako dokumentazioan.

Mintegiko egitaraua

 

Oroitzapenaren arrazoiei buruz hausnartzeaz gain, azken hiru urte hauetan ikasitakoari eta gizarteratutakoari buruzko galdera berriak sustatzeko helburuarekin, ikastaroak duela 500 urte gertatutako gertaera historiko horiek gaur egungo munduarekin duten lotura ere aztertu nahi du. Horrela, alde batetik, 'Bestelako begiradak eta kontaerak' izeneko solasaldian deskolonizazioari eta mundializazioari buruz arituko dira; 'Itzuli berri bat munduari' blokeak egungo gizarteen erronkak errepasatuko ditu, hala nola gobernantza, justizia soziala; eta “'raganetik gerora, zer transmititu?' izenburupean,  memoria eta hura belaunaldi berrietara transmititzea jorratuko da.

Igone Mariezkurren antropologo eta kazetariak moderatuta, uztailaren 7an bi mahai-inguru izango dira. Lehenengoan, 'Zer, nola, zertarako... oroitzapen egin?' izenekoan, Agustin Arrieta EHUko filosofia irakaslea eta Itxaro Borda idazlea egongo dira. Bigarrenean, Sirio Canós Donnay INCIPITeko arkeologo eta antropologoak eta Nelson Aguilera Txileko Unibertsitate Australeko antropologoak parte hartuko dute.

Uztailaren 14an, bestalde, beste bi foro antolatuko dira, kasu honetan Ander Izaguirre kazetari eta idazleak moderatuta. 'Itzuli berri bat munduari' izenekoan, UPV/EHUko irakasle agregatua, Álvaro Aragón, eta 5W aldizkariko zuendari Agus Morales egongo dira; 'Iraganetik gerora, zer transmititu?' mahai inguruan, berriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle laguntzaile Carlos Cirizak eta Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan etnografoa Xabier Kerexetak parte hartuko dute.

Udako ikastaro hau aurrez aurre egingo da, eta ZOOMen bidez zuzenean online parte hartzeko aukera ere egongo da. Matrikula doakoa da, baina ikastaroan parte hartzeko,UPV/EHUren Udako Ikastaroen webgunearen bidez egin behar da matrikula.