Elkanoren itsasoratzea gogoratu dute getariarrek

15 IRA, 2019
Euskal kostaldeko erakundeen ordezkariek Itsasoratze ituna irakurri dute eta, ondoren, hainbat ontzik Getaria-Zarautz-Getaria ibilbidea egin dute, Elkanoren itsasoratzea eta lehen mundubira irudikatuz, baita gure historian ontziratutako milaka marinel eta nabigatzaileak gogoratzeko ere.

‘Elkanoren Itsaroratzea’ jaialdiaren ekitaldi ofiziala egin dute Getarian, lehen mundubira bilakatuko zen espedizioan Euskal Herriak izan zuen papera gogoratzeko asmoz. 22 herritako alkateak bildu ditu ekitaldiak Elkanoren jaioterrian, mundubirarekin eta bere testuinguruarekin nolabaiteko lotura izan zutenak: Andoain, Arrigorriaga, Bilbo, Lekeitio, Mungia, Ondarroa, Peralta, Segura, Tolosa, Ea, Ordizi, Mutriku, Deba, Hendaia, Donibane Lohitzune, Getari, Hiriburu, Biarritz, Aia, Orio, Zarautz, Zumaia eta Getaria. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundiko eta Batzar Nagusietako ordezkariak ere bertan izan dira, Elkano Fundazioko arduradun eta dozenaka herritarrekin batera.

Haritz Alberdi Getariako alkate eta  Markel Olano Diputatu Nagusiaren agurren ostean (biak Fundazioko patronokide), Itsasoratze ituna irakurri dute, euskaraz, frantsesez eta gazteleraz. Itunean nabarmendu dute duela 500 urte egindako espedizio hartan euskal gizarteak izandako lekua, baita itsasoarekiko loturak garai desberdinetan Euskal Herrian izan duen eragina ere. Itsasoa "gure kultura eta nortasuna gorpuztu duen elementu" izateaz gain "herrien arteko zubi" izan dela aldarrikatu dute. “Gaur, elkarrekin ontziratuko gara keinu sinboliko honetan, duela 500 urte itsasoratu zirenekoa oroituz eta berrituz, gure historian zehar milaka marinel eta nabigatzaile menturatu ziren modu berean. Izan ere, historia horrek batzen gaitu, eta beharrezkoa da orainean horri buruz gogoeta egitea, gure etorkizuna eraikitzeko”.

Ondoren, erakundeetako ordezkariak eta herritarrak ontziratu egin dira, Getariako Salbatore abesbatzak Elkanoren ereserkia abestu du en bitartean. Getaria-Zarautz-Getaria ibilbidea egin dute ontziek, lehen mundubira modu sinbolikoan irudikatzeko asmoz. Itsasoratze honetan euskal itsas ondarearekin lotutako hainbat elkartek parte hartu dute, Albaola, Beduola eta Euskal Bateleroen elkartea, besteak beste.

Argazkiak: Artzape.