Elkanoren garaiko pentsamendua landuko da uda ikastaroetan, ekainaren 13 eta 14an

30 MAI, 2022
Elkano Fundazioak eta Joxe Azurmendi katedrak elkarlanean antolatu duten mintegiaren helburua da Elkanoren garaikideen kultura girora, pentsamendura eta eguneroko bizitzara hurbiltzea, baita garai hartako testuinguru politiko eta ideologikora ere.

Ekainaren 13an eta 14an, UPV/EHUren Udako Ikastaroen barruan, 'Elkanoren ingurune kulturala: Modernia hasierako pentsamendua Euskal Herrian' mintegia egingo da. Elkano Fundazioak eta Joxe Azurmendi Katedrak antolatuta, Elkanoren garaian gertatu ziren aldaketa politiko, ideologiko eta kulturaletan murgilduko da ikastaroa, Erdi Arotik Aro Modernorako trantsizioan. Ikastaroan Joseba Sarrionandia idazleak parte hartuko du.

Udako ikastaro hau aurrez aurre egingo da, eta ZOOMen bidez zuzenean online parte hartzeko aukera ere egongo da. Ikastaroan parte hartzeko, UPV/EHUren Udako Ikastaroen webgunearen bidez egin behar da matrikula. Mintegia doakoa da. 

Egitaraua

Haustura intelektualen eta posibilitate irekien garaia hura izango da aztergai Uda Ikastaro honetan, garaiko teologia zein politika, zientzien zein erakunde publikoen garapenak, betiere egungo begiradatik eta pentsaera kritikoaren metodologiaz. Garaia aztertzeaz gain,  500 urtetik gaurdainoko igarotzean gure mundua zein neurritan aldatu den hausnartzea ere bada ikastaroaren nahia.

Horretarako, ekainaren 13an, Álvaro Aragón Ruanok, UPV/EHUko Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Sailean irakasle agregatuak, “Kapareen errepublikak: mentalitate kontraesankorrak Erdi Aro eta Pizkundearen arteko Eukal Herria?“ gaia landuko du; Alba Garmendia Castañosek,  UPV/EHUko filosofian doktoreak, “Utopia sortu zen garaia eta Borneo uhartearen deskribapena“ egingo du; UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofía eta Antropologia fakultateko Unai Bayon Aranburu irakasleak, “Euskaldunik gabeko XVI. mendea“ azalduko du eta fakultate bereko irakasle Kristina Lasa Otxotekok “Montaigneren Des Cannibales, non barbaroen eta zibilizatuen usadioak konparatzen diren“ aztertuko du. 

Hitzaldien ostean, ikastaroaren gaiarekin lotutako hainbat ahozko komunikazio aurkezteko tartea gongo da.

Bigarren jardunaldia, aldiz, Enrique Santamaría Urtiaga historialari eta idazleak “Elkano. Orígenes, razones y desarrollos en la invención de un relato“ aztertuko du; Amaia Nausia Pimoulierrek, Nafarroako Unibertsitateko Historian doktoreak, “Aro Konfesionala eta euskal emakumeak: adoktrinamendutik dizplinamendura“ izango ditu hizpide; Txaber Altube Sarrionandia bertsolaria eta EHUn masterreko ikasleak, “Euskara idatziaren hastapenak“ ekarriko ditu mahaira eta azkenik, Joseba Sarrionandia idazleak “Mundu handia“ hitzaldia aurkeztuko du.