Irailaren 6 eta 7an izango da, eta hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta ahozko komunikazio izango dira Donostiako Carlos Santamaría Zentroan. Bertatik bertara jarraitzeko lekuak agortuta daude, baina online jarraitzeko aukera dago, aurretik izena emanda.
Beste behin, Elkanoren eta lehen mundubiraren garaiko Euskal Herriaren testuingurua aztergai izango da EHUren Udako Ikastaroen egitarauan, 2021eko edizioan. Elkano Fundazioak sustatuta, “Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia” ikastaroak lehen mundubiran Euskal Herriko testuinguru sozio-ekonomikoa zer-nolakoa zen aztertuko du, pertsona haien bizimodua ulertzeko asmoarekin. Ikastaroa, doakoa, irailaren 6 eta 7an izango da Donostiako Carlos Santamaría Zentroan. Bertatik bertara egoteko lekuak agortuta daude, baina streaming bidez ere jarraitu ahal izango da udako ikastaroen webgunean aurretik izena emanda: www.uik.eus.
2019ko udako ikastaroetan, lehen itsas birarekin loturiko gertaerak aztertu ziren, batez ere euskaldunek bidaia hartan izan zuten esku-hartzea, berdin eskifaiako kideek, espedizioaren antolatzaileek nahiz ontzigileek. Aurten, berriz, asmoa da nabigatzaile haiek hobeto ulertzea, zergatik ontziratu ziren eta zer bultzada zituzten, baita lehorrean geratu ziren euskaldunen berri jakitea ere. Era berean, Elkanoren bidaiak izan zituen ondorioei buruz eta gure munduan eragin zuen aldaketari buruz ere hausnartuko da ikastaroan, beti ere gaur egungo ikuspegitik.
Ikastaroaren edukia
Irailaren 6an, astelehenez, Beatriz Arizaga Kantabriako Unibertsitateko Erdi Aroko Historia katedradunak emango du ‘Elkanoren Euskal Herria barneko bidaia’ ikastaroaren irekiera-hitzaldia. Arizagak lehen mundu bira garaiko Euskal Herriko eguneroko bizitza izango du aztergai.
Ondoren, Manuel J. Parodi Álvarez, Historiako Europako doktorea eta Unibertsitate Magallanikoen Sareko kidea, izango da hizlari, eta ‘XVI. mendeko Europa mundu berri baten bidean’ gaiari buruz ariko da.
Lehen jardunaldia Juan José Alvarez EHUko irakasleak, Guillermo Roa Elhuyar Fundazioko zientzialari eta dibulgatzaileak eta Aitor Arregi Getariako Elkano jatetxeko sukaldariak itxiko dute. Hiruek ‘Mundu berri bat’ mahai-inguruan parte hartuko dute, eta lehen itsas birak hainbat esparrutan, hala nola legedian, zientzian eta elikaduran, ekarri zituen berrikuntza-faktoreak izango dituzte aztergai.
Irailaren 7an, asteartez, Beñat Eguiluzek, University of Wales Trinity Saint David unibertsitateko doktoregaiak, ‘Ontzigintzaren tradizioa eta mugaz haraindiko loturak Elkanoren garaian’ hitzaldia emango du. Ondoren, Janire Castrillo EHUko ikertzaile eta Historia doktoreak, ‘Gizonak itsaso zabalean. Eta emakumeak?’ gaia izango du hizpide.
Azkenik, udako ikastaroa ixteko, ahozko komunikazioen saio bat izango da, eta zazpi egilek ikastaroaren gaiarekin loturiko beren ikerketen emaitzak aurkeztuko dituzte. Hainbat gairen artean, honako hauek jorratuko dituzte: Magallanes-Elkano espedizioaren finantzaketa, garaiko euskal merkatarien egoera juridikoa, Elkanoren eskuizkribuak edota maisuaren lanbidea.