Mintegian ahozko komunikazioen atal bat egongo da. Bertan parte hartzeko proposamenak ekainak 4 arte bidali daitezke.
Elkanoren eta lehen mundubiraren garaiko Euskal Herriaren testuingurua UPV/EHUren Udako Ikastaroen programazioaren parte izango dira berriro, 2021ko edizioan. Horrela, irailaren 6 eta 7an 'Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia' ikastaroa izango da, Donostiako Carlos Santamaría Zentroan. Ikastaroaren edukiera 40 plazatara mugatuko da. Bertaratzea doakoa da baina aldez aurretik izena eman behar da.
Mintegiaren helburua Juan Sebastian Elkano eta Espezieen irletara ontziratu ziren gainerako euskaldunak bizi ziren ingurunean sakontzea, ikertzea eta ezagutzea da, baita lehorrean geratzen zirenak ere. Horrela, hitzaldi eta mahai-inguru desberdinek lehen mundubiraren testuinguru sozio-ekonomikoan jarriko dute arreta, pertsona horien bizimoduak ulertzeko. Ezagutza horri esker, hobeto uler daitezke zergatik ontziratu ziren nabigatzaile haiek eta zein ziren haien azken motibazioak. Azkenik, gaur egungo ikuspegitik, Elkanoren bidaiak izan zituen ondorioez eta gure mundua zein neurritan aldatu zen hausnartu nahi du mintegiak.
Uda Ikastaroa aurrez aurre ospatuko da eta online zuzenean parte hartzeko aukera ere egongo da ZOOM bidez. Ikastaroan parte hartzeko izen ematea UPV/EHUko Uda Ikastaroen webgunetik egin behar da.
Hitzaldiak, mahai inguruak eta bisita gidatuak
Hizlarien artean Kantabriako Unibertsitateko Beatriz Arizagak 'Lehen mundubira: garaiko Euskal Herriko eguneroko bizitza' eskeiniko du; Manuel J. Parodi Álvarez (Unibertsitate Magallanikoen Sarea) 'XVI.mendeko Europa mundu berri batean' aztertuko du; UPV/EHUko irakasle Juan Jose Alvarez eta Elhuyar Fundazioko dibulgatzaile Guillermo Roak 'Mundu berri bat' mahai inguruan parte hartuko dute, Getariako Elkano jatetxeko Aitor Arregi sukaldariarekin; Euskal Itsas Museoko Xabier Alberdi eta Eusko Ikaskuntzako Lourdes Odriozola historialariak ere izango ditugu bertan, 'Nolakoa zen Elkanoren garaiko Getaria?' eta 'Nao eraikitzaileak eta burdinolak' hitzaldiekin; Beñat Eguiluzek (University of Wales Trinity Saint David) 'Ontzigintzaren tradizioa eta mugaz haraindiko loturak Elkanoren garaian' hitzaldia eskeiniko du eta Janire Castrillok (UPV/EHU) 'Gizonak itsaso zabalean. Eta emakumeak?' hitzaldia. Itzulpen zerbitzua egongo da.
Ahozko komunikazioak, ekainaren 4ra arte
Bestalde, ikastaroan zehar landuko diren gaien inguruko lan-ildoak, ikerketa-proiektuak edo esperientziak azaldu nahi dituzten pertsonek parte hartu ahal izango dute ahozko komunikazioen saio batean. Interesdunek ekainaren 4a baino lehen bidali behar dute proposamena Elkano 500 Fundaziora. Erakundeak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan hautaketa egiterakoan: proposatutako edukiak udako ikastaroaren helburuekin eta gaiarekin lotzea, gaiaren originaltasuna eta ezagutza berria sortzeko duen gaitasuna, bai eta gizartearentzat duen erabilgarritasuna ere. Xehetasun guztiak atxikitako dokumentazioa daude.