'Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia' Uda Ikastaroa, irailaren 23 eta 24an ospatuko da

25 MAI, 2020
Ikastaroaren interes-gunea mundubiraren testuinguru sozioekonomikoa da. Donostiako Miramar jauregiak hartuko dituen hitzaldi eta mahain inguruez gain, aurten Getaria eta Oria ibaira bisita gidatuak egingo dira.

Mintegian ahozko komunikazioen atal bat egongo da. Bertan parte hartzeko proposamenak abuztuak 30 arte bidali daitezke. 

Elkanoren eta lehen mundubiraren garaiko Euskal Herriaren testuingurua UPV/EHUren Udako Ikastaroen programazioaren parte izango dira berriro, 2020ko edizioan. Horrela, irailaren 23an eta 24an 'Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia'  ikastaroa izango da, Donostiako Miramar Jauregiaren eta Getariaren artean.

Mintegiaren helburua Juan Sebastian Elkano eta Espezieen irletara ontziratu ziren gainerako euskaldunak bizi ziren ingurunean sakontzea, ikertzea eta ezagutzea da, baita lehorrean geratzen zirenak ere. Horrela, hitzaldiak, mahai-inguru zein bisita gidatuak Getariara eta Oria itsasadarrera, lehen mundubiraren testuinguru sozio-ekonomikoan jarriko dute arreta, pertsona horien bizimoduak ulertzeko. Ezagutza horri esker, hobeto uler daitezke zergatik ontziratu ziren nabigatzaile haiek eta zein ziren haien azken motibazioak. Azkenik, gaur egungo ikuspegitik, Elkanoren bidaiak izan zituen ondorioez eta gure mundua zein neurritan aldatu zen hausnartu nahi du mintegiak.

Hitzaldiak, mahai inguruak eta bisita gidatuak

Hizlarien artean Kantabriako Unibertsitateko Beatriz Arizagak 'Lehen mundubira: garaiko Euskal Herriko eguneroko bizitza' eskeiniko du; UPV/EHUko irakasle Juan Jose Alvarez eta Janire Castrillok 'Mundu berri bat' mahai inguruan parte hartuko dute, Getariako Elkano jatetxeko Aitor Arregi sukaldariarekin;  Euskal Itsas Museoko Xabier Alberdi eta Eusko Ikaskuntzako Lourdes Odriozola historialariak ere izango ditugu bertan, 'Nolakoa zen Elkanoren garaiko Getaria?'  eta 'Nao eraikitzaileak eta burdinolak' hitzaldiekin.

Duela 500 urteko Euskal Herriaren iragana eta testuinguru sozio-ekonomikoa modu didaktikoago batean ezagutzeko helburuz, bigarren edizio honetan Miramar Jauregiko egitaraua hainbat bisita gidatuekin osatuko dugu; horrela, Getariako hiribildua bisitatuko dugu, baita Oriako itsasadarra ere, garaiko nao haiek non eraikitzen ziren gure begiekin ikusteko, garaian adituak diren historialarien eskutik.

Ahozko komunikazioak, abuztuaren 30era arte

Bestalde, ikastaroan zehar landuko diren gaien inguruko lan-ildoak, ikerketa-proiektuak edo esperientziak azaldu nahi dituzten pertsonek parte hartu ahal izango dute ahozko komunikazioen saio batean. Interesdunek abuztuaren 30a baino lehen bidali behar dute proposamena Elkano 500 Fundaziora. Erakundeak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan hautaketa egiterakoan: proposatutako edukiak udako ikastaroaren helburuekin eta gaiarekin lotzea, gaiaren originaltasuna eta ezagutza berria sortzeko duen gaitasuna, bai eta gizartearentzat duen erabilgarritasuna ere.