Fundazioak abuztuaren 31ra arte jasoko ditu ahozko komunikazioen atalerako proposamenak; gainera, kontuan hartuko ditu aurreko epeen barruan aurkeztutakoak. Ikastaroaren data berriak laster jakinaraziko dira.
Elkano Fundazioak 'Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia' Uda Ikastaroa atzeratzea erabaki du, osasun krisia dela eta. Mintegia uztailaren 23an eta 24an aurreikusita zegoen, eta Donostiako Miramar Jauregiaren eta Getariaren artean ospatzekoa zen. Fundazioak laster iragarriko du data berria.
Aurreikusitako egitarauak ahozko komunikazioen saio bat barne hartzen du. Saio horretan, interesdunek beren lan-ildoak, ikerketa-proiektuak edo esperientziak azal ditzakete,mintegian zehar landuko den gaien inguruan. Hainbat egilek beren proposamenak aurkeztu dituzte dagoeneko, eta antolatzaileek kontuan hartuko dituzte hitzordu berriari begira, baldin eta parte hartzeko interesa izaten jarraitzen badute. Era berean, Fundazioak deialdi berri bat ireki du beste hautagaitza batzuk jasotzeko, abuztuak 31 arte.