"2019an Elkanok mundiari bira emango dio berriz ere. Eskerrik asko Euskadi Muriaseko lantaldeari erronka hau posible egiteagatik. Elkarrekin ilargira iristea ere desio dugu", esan du Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek aurkezpen ekitaldian. Errenteriako Niessen zineman izan da aurkezpena, aretoa goraino izan delarik.
Euskadi Murias taldeak 2019ko denboraldia aurkeztu du, bosgarrena profesional mailan, bigarrena mailarik gorenean. Emakumeen taldea ere aurkeztu du, Murias-Limousin.
Jon Odriozola kirol managerrak esan duenez, "ASO-ren Flecha Valona bezalakoen gonbidapenea jasotzeak Euskadi izena txirrindularitzaren munduko mailarik altuenera eramaten du eta proiektua baieztatzen du. Orain, gozatzeko unea heldu zaigu. Hortaz, gure bide apalari eutsi behar diogu, lan egiten eta istoria egiten jarraitzen euskal txirrindularitzan".
Ekitaldian babesleen garrantzia nabarmendu dute: Murias Grupo, Orbea, Kalas, Spiuk, Skoda Menabi, Arratiako Ziklista Elkartea, Sigma, Laboratorios Nutergia, Ikolanaldi, FSA, Disur 2.000, Arribe, Calibix, Velobook, Fullgas, Athlon, Bkool, Yoko Garbi, Insalus Prevencilan, Euskorot eta Morgan Blue. Eta emakumeen taldean BH, Limousine Kartoiak, Arsuaga Bizikletak eta Oriako Txirrindulari Eskola.
Ikusgarritasuna eta jakin mina
Aurten Elkano Fundazioa ere proiektuaren parte izango da. “Jendeak Elkanoren inguruko galderak egitea nahi dugu. Eta, Elkanoren izena urtean 30.000 km egiten dituen txirrindulari baten bizkarrean joateak –300.000 km taldeaz ari bagara–, pertsona askok ikusiko dutela ziurtatzen digu", adierazi du Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek. Jakinmina piztea da, hain zuzen ere, Fundazioaren lan oinarrietako bat, gaur egun oso ezezagunak diren Elkano zein mundubiraren inguruko jakinmina.
"Txirrindulari baten bizkarra ez da hala nolako publizitate euskarria", esan du Irurzunek hitza hartu duenean. "Motibazioz jantzia doa, oso beharrezkoa erronkek eskatzen duten sakrifizioa jasateko; konstantzia behar du, sakrifikatzeko gaitasunari eusteko; ziurgabetasuna kudeatzeko beharra du, arriskua asumitzen direnean ezinbestekoa; bizkar hori, gainera, aldeko zein kontrako haizeak jasan behar du, zorte ona eta txarra bestetan", esan du Irurzunek. Guzti honek "beste eskala batean ez bada ere, lehen mundu itzulia egitea lortu zuen espedizioa dakar gogora". Elkanoren mundubira ilargira egindako lehen bidaiaren mailako gertakaria izan zen. Horregatik, bere hitzaldia amaitzeko, estreinatu berri den denboraldia "elkarrekin, ilargira iristea" opa dio Irurzunek Euskadi Muriak taldeari.