Mundubira. Elkano, Primus antzezlana Loraldia Kultur Elkartearen produkzio propioa da, formatu txikiko teatro-lana, eta lehen zirkumnabigazioaren 500. urteurrena gogoratzen du.
Martxoaren 22an Bilboko Untzi Museoan estreinatuko den teatro-lan honen eszena aktoreen interpretazioak eta musikak osatzen dute. Alde batetik, bi aktorek bakarrizketen bidez istorioa kontatuko dute. Beste aldetik, musikari bik antzezlanaren soinu banda jarriko du: musikaria eta kantaria. Patxo Telleriak idatzi du gidoia eta Karlos Panera da eszena zuzendaria. Oholtza gainean, Iñigo Aranburu Juan Sebastian Elkano izango da eta Xabi Ortuzar, Juan de Zubileta itsasmutila. Hauekin batera, Ainara Ortegak XVI. mendeko baladak kantatuko ditu, eta Nerea Alberdi musikariak biolina joko du, zuzenean.
Antzezpen honen sormenean aholkularitza jaso du Loraldiak, bai musika alorrean eta baita ikuspegi historikoa lantzeko ere: Ander Berrojalbizek laguntza eskaini du musikan eta historia aholkularitza Xabier Alberdi eta Julian Diazek eman dute. Alberdi Elkano 500 Fundazioko Batzorde Zinetifikoko kidea da, eta Julian Diazek Aholku Batzordean parte hartzen du.
“Elkano eta lehen zirkumnabigazioari lotutako gertaerak, garrantzi handikoak izan ziren arren, gutxi ezagutzen dira gure gizartean”, adierazu du Elkano 500 Fundazioko proiekuen koordinatzaile Rafa Zulaikak ikuskizunaren aurkezpenean. Hori dela eta dibulgazioa Elkano 500 Fundazioaren lan lerroetako bat da eta hor kokatzen da Loraldiarekin egin den elkarlan hau, ahalik eta leku gehienetan iristeko asmoa duena. Loraldiak gainera, ikasleentzako emanaldia eskainiko du eta gida pedagogiko bat sortu du, ikastetxeetan landu dezaten. Publiko hau Fundazioarentzat “klabea” dela adierazi du Zulaikak.
Loradia Elkartearen helburua produkzio hau ahalik eta leku gehienetan ikusteko aukera izatea da eta bira egiteko helburua kontuan izanda antolatu da produkzioa.
Ikuskizuna Bilboko Untzi Museoan arkeztu da, honakoen parte hartzearekin: Amaia Ocerin, Loraldia Festibalaren komunikazio arduraduna; Rafa Zulaika, Elkano Fundazioaren proiektuen koordinatzailea; Patxo Telleria, gidoiaren egilea; Karlos Panera, lan honen eszena zuzendaria; eta hauekin batera, artista hauek: Iñigo Aranburu eta Xabi Ortuzar aktoreek; eta Ainara Ortega, kantaria.