Elkanok munduari bira emango dio berriz ere Euskadi-Murias taldearekin

15 URT, 2019
Fundazioak eta txirrindulari taldeak akordioa egin dute, kontinental profesional mailako txirrindulariek Elkano marka maillotean eramateko

2019 denboraldian Euskadi-Murias taldeko txirrindulariek Elkano marka eramango dute kamisetan, Elkano Fundazioak eta kirol taldeak egindako akordioari esker. Kontinental profesional mailako gizon eta emakumezkoen ekipoek eramango dute Elkanoren izena maillotean eta, ondorioz, Getariako marinelaren izpirituak berriz ere munduari itzulia emango dio, lehen mundibiraren 5. mendeurrena ospatzen denean. 

 

Elkano Fundazioak, bere helburuen artean ditu ezagutza historikoa landu eta ikertzea egungo gizartearen erronkak aztertu eta aintzat hartzeko, eta baita eredu sozio-ekonomikoak birpentsatzeko ere. Horretarako, “jakinmina pizten dioten estimuloak luzatu behar dizkiogu gizarteari”, adierazi du Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek. Horixe da txirrinduari taldearekin egindako akordioaren arrazoia: “Jendeak Elkanoren inguruko galderak egitea nahi dugu. Eta, Elkanoren izena urtean 30.000 km egiten dituen txirrindulari baten bizkarrean joateak –300.000 km taldeaz ari bagara–, pertsona askok ikusiko dutela ziurtatzen dugu, Elkano zer edo nor ote den galdetuko diote bere buruari, eta gehiago jakin nahiko dute”.

Elkano ezagutzera emateko helburu horretan, Fudazioa entzulego handi eta egonkorrak dituen proiektuen beharra du. Hain zuzen ere, Euskadi-Murias taldearekin egindako akordio hau logika horretan kokatzen da, Fundazioak bere helburuak lortzeko baliagarriak zaizkion arlo desberdineko agenteekin elkarlanean arituko baita. “Durarik gabe, akordio honek Elkano ezagutzera ematen lagunduko ditu, bisibilitate handia emango digu eta”, aipatu du Irurzunek.