"Elkano, lehen mundubira" animazioko pelikula Malagako Zinemaldian ikusiko da lehen aldiz martxoaren 23an

18 MAR, 2019
Dibulitoon euskal ekoiztetxearen luzemetraia uztailaren 5ean helduko da zine aretoetara.

Martxoaren 23an ikusi ahal izango da, lehen aldiz,  "Elkano, lehen mundubira", Irungo Dibulitoon ekoiztetxeak Getariako Juan Sebastian Elkano marineralen zirkumnabigazioan oinarritutako filmea. Estreinaldia Malagako zinemaldian izango da eta zine aretoetan uztailaren 5etik aurrera ikusi ahal izango da. Familiei zuzendutako fikzio produktua da, baina oinarri historikoa duena. Zentzu horretan, Dibulitoonek Elkano 500 Fundazioaren laguntza izan du, bere Aholku Batzordeko historialariek aholkularitza lana egin dute eta. Fundazioak luzemetraiaren promozio eta hedapen lanetan ere laguntza emango du.

Angel Alonso pasaitarrak zuzendu du "Elkano, lehen mundubira". Gidoilari lanetan  Garbiñe Losada eta José Antonio Vitoria aritu dira. Soinu Banda Joseba Beristainek jarrio dio filmeari, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoiko 90 ahots, Enrike Solinís edota La Oreja de Van Gogh taldea izan dituelarik bidelagun.

Malagako zinemaldian, eta zineetara heldu ostean, Elkanok munduari bira emango dio berriz ere, Dibulitoon ekoiztetxea lortzen ari den banaketa akordioei esker.