Euskadi Irratiak 'Juan Sebastian Elkano, kapitain baten biografia' audioliburuaren hamahiru atalak eskainiko ditu gaurtik aurrera. Elkano Fundazioak ekoitzitako dibulgaziozko proiektu horrekin Getariako marinelaren bizitza eta lehen nabigazioa, orain 500 urte, beste era batera ezagutarazi nahi ditu erakundeak. EITB komunikazio taldearen laguntzari esker, audioliburua gaurtik abuztuaren 19ra bitartean izango da entzungai, astelehenetik ostiralera, 14: 45etan, Kultur Leihoa, eguerdiko albistegi kulturalaren amaieran. Euskarazko atalak eskuragarri daude esteka honetan; gaztelaniaz, aldiz, eta beste honetan.
Ekoizpenak lau ahotsetan errepasatzen du Elkanoren bizitza Getarian eta Sevillan, Espezieen Uharteetarako ibilbide berri baten bila ontziratu aurretik, bai eta espedizioaren prestaketa eta hiru urteko bidaia bera ere. Getariarrak itzultzean egindako urratsak ere jarraitzen ditu, Moluketarako bigarren espediziora arte –García Jofre de Loaisaren agindupean eta armadako pilotu nagusi gisa –, non Elkanok bizia galdu zuen. Bidaia hartan, Andres Urdaneta gipuzkoarrarekin egin zuen topo, zeinak, urte batzuk geroago, itzulbidea edo Filipinetatik Ozeano Baretik itzultzeko bidea lortu zuen. Urdaneta Elkanoren testamentua sinatu zuen lekukoetako bat izan zen.
Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, kontakizunak fikzioa irudi lezake; hala ere, Julian Díazek egindako ikerketa sakonean oinarrituta dago – Díaz Itsasmuseum Bilbaoren "J.S. Elkano. Tras la huella " erakusketaren komisarioa da, eta izenburu bereko nabigatzaileari buruzko biografia eguneratu baten egilea da.
Euskal kostaldeko kantu tradizionalen aukeraketa zabal eta zainduak – mundubiraren protagonista kolektiboa – laguntzen du atal bakoitza, 12 minutu ingurukoa.